Izenburua: Koiteretzia
Idazlea: Iñaki Segurola
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2021
Beharbada asea zaude grafiko, zenbaki, bilakaera, intzidentzia, olatu eta txosten epidemiologikoekin.
Edo betexea zaude iritzi eta jarrera gogortuekin: jardun ofizialista gogorrarekin bezalaxe, kontrajardun ernegazionista merkearekin. Zeren, agian, zuk zalantzak dauzkazu, eta jarrera aldakorrak.
Beharbada aditu nahi zenuke jende ezezaguna hizketan beren bizitza ezezagunetan, ea zer dioten, «bizitzatik», 2020ko martxoko bizi-etenaz geroztikako mundu honetan; gure bizitzetako sasoi xelebre eta ustekabekoena gertatu den honetan.
Eta beharbada zure belarri euskalduna aspertua dago covid, sars eta holako aldrebeskeriak aditzen, eta agian zure belarrian eta aho-mihietan kobitemeretzia, esanaren esanez, KOITERETZIA bihurtua dagoke.
Giro errealean garatzen den fikzioa duzu eleberri hau, elkarrizketa hutsez emana, kronikaren eta saiakeraren uretatik edaten duena garai historiko baten eleberria eraikitzeko. aren uretatik edaten duena garai historiko baten eleberria eraikitzeko. Ahozkotasuna, ideia konplexuen bidelagun ere izan daitekeelako.
Oso liburu berezia Iñaki Segurolaren azkena. Irakurtzen hasi baino lehen bere heriotzaren berri izan nuen eta hori kontuan izan dut liburua amaitzen saiatzeko.
Izan ere, oso liburu zaila eta astuna da. Den-dena da dialogoa eta ikur batzuek azaltzen digute nor den hizlaria. Gainera, dena dialogoa denez, ez dago puntu eta bereizik. Horregatik orrialde guztiek beldurra sortzen dute.
Argumentua erraza da: gizon heldu bat eta neska eta mutil gazte bi pandemiaren garaian elkartzen dira covid hemeretzi (koiteretzi) gaixotasunari buruz eta euren bizitzei buruz solastera, horrela konfinamendua apurtuz.
Batzuetan interesatuta eta gehienetan aspertuta, amaitu egin dut liburua. Horrexegatik, beste idazle batena izango balitz ez nuke gomendatuko, inola ere ez. Baina berriki hil den Iñaki Segurolarena denez, gomendatu egingo dut oso ezberdina den liburu hau. Goian bego!