Izenburua: Euri zitalari esker
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2021
Detektibe jardunetik erretreta hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda maitaleari; Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi.
Garraldaren 4x4a hartu eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango duela zin eginik. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak; aztarna bihurrien eta aspaldiko lagunen eskutik aitzinatuko da bilaketan, oihan sarri baten gerizpetik argirantz irteten duenaren gisan.
Bere pertsonaia sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, ezari-ezarian, keinu azkengabeak eginez hizkuntzari, euskal jendarteari, adiskidetasunari eta beste zenbait hari ez singleri.
Polizia eleberri baten bila nindoan Euri Zitalari Esker-ekin suertatu nintzelarik. Baina zapore gazi-gozo gelditu zait irakurtzen akitu ondoren. Ama batek jotzen du Amaia Ezpeldoirengana, protagonistarengana, desagerturiko alaba aurki dezan. Horreraino ongi. Itogarri eta mamuz inguraturiko ihesaldi interesgarri batekin hasten da eleberria, baina pasartea luzexko iritzi diot. Nobelaren ezaugarrietako bat, nire aburuz. Gero, Amaiak ikerketa hasi ondoren, egileak ez dio heldu huts-hutsa bilbea garatzeari, digresio gehiegi, nire iduriko, txertatuz. Digresioen gaiek, ordea, ez dute laguntzen testuingurua hobeki ulertzen ezta ikerketa argitzen, baizik eta narrazioa alferrik luzatzen eta asperra deitzen. Bertzaldetik, irakurleren bat kejo egon zitekeen ekialdeko euskara erabiltzea dela eta. Niretako, nobelaren hiztegia da pitta bat arreta gehiago eskatzen duena, baina ez du batere trabarik egiten irakurketan ezta ulermenean ere. Orokorrean, euskara batuaren estandarren barrenean baitago. Bertze gauza bat da euskalkien arteko jostaketak eta aditz trinkoen proposamenak egitea.
Labur bilduz, funtsezko bilbeari lotu izatera, eleberria erakargarriagoa izanen zatekeen.
Liburu mardula Itxaro Bordaren azkena. Amaia Ezpeldoi detektibearen azken kasua da, erretiratzera doalako, eta beti bezain interesgarria izan da. Izan ere, gure literaturan detektibe gutxi daude eta Amaia da gutxi horietako bat eta beti izan ditu kasu interesgarriak.
Hala ere, Itxaro Bordaren liburuek zailtasun handia dute Hego Euskal Herriko irakurleentzat eta zailtasun hori bere euskara da. Izan ere, makina bat hitz arraro eta ulertezin (niretzat) erabiltzen ditu eta horrek asko zailtzen eta moteltzen du irakurketa. Baina ezin naiz kexatu horregatik, Hegoaldeko idazleek berdin idazten dutelako, Iparraldeko irakurleen kaltean.
Hori kenduta, argumentua oso ondo harilkatuta dago eta asko gozatu dut Amaia Ezpeldoiren agurrarekin. Beraz, gomendatu behar dut Amaiaren azken kasuaren liburu hau.