Izenburua: 612 euro
Idazlea: Jon Arretxe
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2013
Bueltan da Toure, San Frantzisko auzoko detektibe berezia, bizilagun afrikarretzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak.
19 Kameraren ondoren dator 612 euro. Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko.
Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.
19 kameraren ostean erraz irakurtzen den liburua. Bilboko hauzo txiro, gordin eta, bide batez, nazioatekoenean girotuta. Entretigarria oso eta lexiko eta abiadura bizikoa. Jon Arretxek eleberri beltzean berriro noiz murgilduko den itxoiten!
Urtero legez, liburu bat ekarri digu Jon Arretxek eta berriro ere Bilboko “auzo txinatarrean” girotu du eleberria, Toure burkinafasoarrak berriro jokatzen duelarik protagonistaren rola. Halaber, “19 kamera” liburuko hainbat pertsonaia ere agertzen dira: Kristina, Enare, Txomin, Dabide Zurbila, etab.
Eleberria oso azkar eta gustora irakurtzen da eta argumentua oso ondo harilkatuta dago, nahiz eta, nire ustez, amaiera herren geratu errumaniarren agerpenarekin, amaieran bakarrik agertzen direlako horiek.
Bestalde, Marisa eta bere senarraren pertsonaiak oso onak dira eta, hirugarren liburua idazten badu Jonek, San Frantziskotar zurien lidergoa hartu behar du bikote horrek, nahitaez.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau eta espero dut Toure pertsonaiaren hirugarren liburua dagoeneko egotea Jon Arretxeren buruan.
Gustura irakurri dut liburu hau. Arretxek, jeinu handiz, egoera sozial minbera hurbiletik aztertzen du umore tonuarekin. Bilboko etorkizuneko munduko errealitatea deskribatzen du baina ez soziologoaren hoztasunez, nobelagilearen zuzentasunez, baizik. Inkesta xelebre batek (atso baten ordezko hortz-haginen eta kontsoladorearen bilatzea) etorkizunean giro larrian ibiltzeko estakurua emaiten du. Honi esker iduritzen zait irakurlea aiseago sartzen dela istorioan. Aipatzekoa da giro desberdinetako pertsonaien sinesgarritasuna ere. Horrek guztiak nabarmentzen du Arretxek teknika narratiboa gero eta hobekiago menderatzen duela. Guztiz gomendagarria da nobela.