Jantzi beltz bi

4

Izenburua: Jantzi beltz bi
Idazlea: Josu Penades
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2009

1930-40ko hamarkadetariko batean jaiotako ama baten ahotsa da de profundis honetan entzun daitekeena. Drogak irentsi dion alabarenganako enpatiaz heltzen dio itxaropenik ezaren aurkako borrokari bere bizitzako azken hilabeteetan.

Euskal Herrian drogak harrapaturiko lehenengo belaunaldikoen ama baten kontakizun jariotsu honetan, bizitzea egokitu zaion mundura —dena dela garaia zein lekua— moldatzen jakin ez duenaren bizikizunak aurki daitezke.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Neu

Institutuan irakasleak liburu hau irakurtzeko gomendatu zigun, eta hiruzpalau lagunek irakurri arren, denoi gustatu zaigu. Niri, pertsonalki, oso eleberri sakona iruditu zait. Eta hunkigarria batez ere Teresak alabarekin bizitakoak kontatzen zituen ataletan; alaba ikusteko nahiak, eta horrek sorturiko beldurra eta tristura adierazten diren zatietan hain zuzen. Baita, laguntzeko desioa eta ezintasuna aditzera ematen zituenean. Badira nahiko hilabete irakurri nuela, eta ez ditut gertaerak zehazki gogoratzen, baina badakit alabaren istorioak interesa piztu zidala eta azkenean zer gertatuko ote zen jakiteko gogoz gelditu nintzela. Besterik gabe, asko gustatu zitzaidala errepikatzen dut.

Lesaka 30.1

Haria: Teresa, ama, azkenekotan da, minbiziak jota. Eta amak alaba falta du, alaba, bakarra eta kuttuna, Almike; drogak eraman zuen neska etxetik, auskalo nongo bazter ilunen batera. Bere bizitzaren azken egunak alabari eskeintzen dizkio amak, alaba non ikusiko, alabari idazten, alaba obsesio.
Bermeon girotua, autorea bera ere bermeotarra, Teresa arratzaleen emazte, saregile, ama…doike, Bermeora drogak eramandako sarraskia kontatu nahi izan digu autoreak, eta galdutako gazte horiek eta horien bakoitzaren amak eginiko kalbario bidea. (Senarra, semeak… gizonezkoak bidelagun isil eta hutsalak dira istorio honetan).
Gogorra, gordina, garratza: hala iduritu zait kontakizuna. Eta kontatzeko era bera ere, latza, beltza. Liburuaren izenburutik hasita, hara!: jantzi beltz bi, amak enkargatzen dituen bi jantzi beltzak, beretzat eta bere alabarentzat, bana, hiltzen direnerako. Beltzagorik!
Ikaragarria da nola josten doan (albaintzen) amaren bakar-hizketa luuuzea, etengabea, eman eta eman, istorioak txirikordatzen, amak bere adioan alabari esan nahi dizkionak, eta alaba ume zintzoa zeneko nostalgia, oroitzapenak eta alabaren bila gaur gertatzen zaizkion pasadizoak, umetako pasadizoak ere tarteko, eta bizitza propioaren errepasoa ere, porrotaren samina, errua, bizitzan egin beharreko eta egin ez eta horren damua, dagoeneko alferrik, eta dagoeneko alferrik delakoaren kontzientzia bera …
Istorio serioa, sendoa, sendorra ere gerta dakioke norbaiti. Nire idurikoz, leiho batzuk ongi etorriko litzaizkioke kontakizunari, leiho fisiko eta narratiboak, argi-zuloak, Bermeoko itsas kresala freskoa sar dadin, tarteka hatsa eta atseden hartzeko Teresak (eta bidenabar, irakurleak ere).
Izan ere, nekaezina azaltzen zaigu Teresa hau, irreala antxa, super-ama. Gaitzak jota, kimioterapiak erreta, gorputza akittua, baina kementsu, indartsu, animoak inoiz galdu gabe, utikan etsipenak, herrestaka, baina denetarako gai da, mozorrotu behar bada mozorrotu… Ez dakit bada. Agian, aukeran, hauskorragoa, humanoagoa, sinesgarriagoa?
Hizketa, euskara: gidoia ezik, hizkuntza ere ederki aski landu du Josu Penadesek. Askitaraino landu ere (hala erraten genuen gaztetan, askitaraino). Bete-beteko euskara erabiltzen du, jasoa, elaboratua, ongi orraztua; bizkaieratik eta arrantza mundutik ere ekarpen franko egiten du. Hizkera landu egin duela, baina landu, ez hiztegia soilik. Landu ditu esaerak, esateko erak, adierazteko moduak, lokuzioak… Eta aditza, baldintza eta subjuntiboa, jode (abestiak dion bezala), batzutan gehiegi eta guzti landu, askitaraino, perfekzionismo puntu bateraino.
Lan haundia hartu du Josu Penadesek.

Burlata 17.1

Teresari, istorioko protagonistari, bizitzeko urtebete eskas gelditzen zaio. Droga munduak Almike alaba irentsi du; duela 8 urte desagertua dago amarentzat.
Teresak, hil baino lehen alabarekin hitz egin nahiko luke, baina hori ezinezkoa izango dela badakienez, zerbait idatzita uztea erabakitzen du, Almilke noizbait etxera itzultzen bada irakurtzeko aukera izango duenaren itxaropenaz.
Ume eta gaztaroko oroitzapenak eta hil baino lehen bete nahi dituen asmoak ipintzen ditu amak paperetan, baina batez ere SENTIMENTUZ idazten du; lasaitasunez, alabak hartu zituen erabakiak epaitu gabe.
Idazleak abilezia ikaragarria dauka protagonistaren sentimenduen mundu barruraino ailegatzeko eta guri hain ongi helarazteko; Teresa emakume eta AMA dela eta idazlea gizaseme dela kontutan hartuta. Harritzekoa. Identifikatua sentitu naiz protagonistarekin kontaketaren une batzuetan. Liburuaren formatua ez da erakargarria, hasieratik bukaeraraino dena jarraian idatzita dago-eta, hau da, elkarrizketarik gabe, atalbururik gabe…, baina, nahiz eta horrela izan, historioan murgilarazten zaitu.
Narrazioa Bizkaiko kostaldean (Bermeon, Busturian…) kokatuta dago eta idazleak erabiltzen duen euskara zonaldekoa dela uste dut. Idazlanean agertzen diren hitz asko, niretzat, ezezagunak izan dira.
Oso ongi. Asko gustatu zait.

Getxo 50.2

Oso lan ona egin du Josuk. Joan den hilabete irakurri dugu liburu hau, Uribe Kosta Irakurle Txokoan, eta Getxora etorri ere egin zen Josu. Eta hitzordua primeran izan da.Sentimentu betetako liburu hau asko gustatu zait. Teresa, hiltzeko zorian dagoenez, bere alabari hiz egiten hasi da. Bere sentimentua, beldurrak, oraimenak eta bere bizitza kontatu dio. Alde berean, bere asken soineko beltza prestatu du, eta beste bat, berdi-berdina, bere alabarentzat…
Primeran!!