Nobela errealista bat

5

Izenburua: Nobela errealista bat
Idazlea: Joxean Agirre
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020

Gudarien balentriak biltzen eta Loiuko aireportuan jasotako bezeroei kontatzen dizkien taxizaleak, bat-batean, argitaletxe baten enkargua jasoko du liburu bat idazteko; izan ere, Agirrezabal idazle zarauztarra –taxistaren emaztearen maitalea zena– istripu edo atentatu ilun batean hil berri da, El Lobo espioiaz idazten ari zen nobela erdibidean utzita, eta nor egokiago taxizalea baino, eleberri errealista hori amaitzeko? Bere betiko ezaugarriei –sentsualtasuna, metaliteratura, idazketaren dotorezia– dohain berriak erantsi dizkie Joxean Agirrek eleberri honetan: hainbat hari aldi berean jorratzea, gure historia hurbileko istorio txundigarrienak aletzea, ironia dosi oparoak banatzea… Sasoi betean dagoela erakusten digu horrenbestez, eta bere narraziogintza koska bat estuago eraman.

Subscribe
Notify of
guest

5 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Mutiloa-Aranguren 34.1

Euskadiko iragan hurbileko historia eta istorioak solasbide bakarra duen taxilari batek aurkitzen du, idazlea ezustean hil ondoren, bera dela haren nobelaren protagonista bere emaztearen eraginez. Editoreak hori ikasitakoan, eleberria bukatzeko eskatzen dio errealismo handiagoa emate aldera. Agirrek azpitik goitiko tentsioa eta erritmoa ederki sortzen ditu narrazioan, euskara jasoa, baina trabarik gabekoa eta irakurterraza, erabiliz. Teknika horrekin gauza da irakurlea erabat kakotzeko kontakizunaren bilbean, ondoko orrian zer gertatzen den jakin-mina piztuz. Taxilariaren bizitza, bizipenak eta hausnarketak ere oso iradokigarriak dira. Eleberriaren zerbait makets aipatzeagatik, narrazioa iristen den goraguneak antzeko akabaila merezi luke. Labur bilduta, gomendagarria hagitz.

Donostia 47.22

Bere garaian irakurri nuen, gustura asko. Agirre, afizioz, surflaria da, eta idaztean ere surfeatu egiten du. Haren estiloa olatua bezalakoa da: leuntasuna eta barne-indarra aldi berean.

Azkoitia 76.1

Berezia da Joxean Agirreren azken eleberria. Abiapuntua oso interesgarria: taxilariak bere bezeroak katalogatu eta horren arabera pasadizoak kontatzen dizkie. Pasarte bitxi bezain interesgarriak ia guztiak, asko gozatu dut.
Bestalde, bere emaztearekin duen harremana ere ezin esan oso normala denik: emazteak maitale bat dauka eta horren berri izaten du emazteak lagunekin etxean izaten dituen bilera txutxumutxugarrien bitartez.
Gero, pasarte horietako batek (“El Lobo”, espainiar zerbitzuek ETAn infiltratutako satorra) eta emaztearen maitalearen heriotzak bat egiten dute, eta hortik aurrera nobela ‘irreala’ suertatu zait.
Lehen erdia, bikaina; beste erdiak nahiago, lehenengoaren bidetik jarraitu izan balu.
Euskara gozoan idatzita dago, oso erraz irakurtzen da.

Urnieta 49.2

Zalantza izpirik gabe euskal literaturaren egungo erreferentzi nagusietakoa bihurtzen ari da Joxean Agirre bere azken urteetako eleberrigintzarekin. Bere kazetari eskarmentu handiaren etorriarekin lan benetan bikainak eskaini dizkigu, “Goldsmithen ikaslea” kasu, eta geroztik etorritakoak haren mailari eutsi diote. Gozagarria da bere idazkera eta osatzen dituen kondaerak kitzikagarriak dira gutxien-gutxienean, gure gizartearen ikuspegi aldiz guztiz ezkorra aldiz itxaropentsua eskainiz- Osagai horietatik eta beste batzuetatik asko du Nobela errealista bat azken argitaratu duena, umore eta ironia finez idatzia batzuetan, ukittu sarkastikoez ozpindua tarteka, orijinala eta ederra, ez ezazu arimarentzat ukendu berritzailerik itxaron, baina oso gorputzaldi ona utziko dizu eta hainbat galdera gogoan gure historia garaikideari buruz. Eskerrak idazteko sasoian dela Agirre… Jarrai dezala, mesedez!!

Bilbo 54.3

Oso liburu ona Joxean Agirreren azkena. Taxilari jakintsu bat da protagonista. Euskal erresistentziari buruzko guztia irakurtzen du eta bere bezeroei horren inguruko pasadizo batzuk kontatzen dizkie. Pasadizo haiek istorioarekin tartekatzen dira eta inoiz ez dira astun gertatzen. Aitzitik, oso interesgarriak iruditu zaizkit.
Istorio nagusia, taxilariaren emaztearen maitalea den idazle baten heriotza, thriller bihurtzen da liburuaren amaieran eta horrek liburuaren erritmoa biziki azkartzen du.
Oso bizkor irakurtzen da liburua eta ezin izan dut utzi amaitu arte. Beraz, asko gozatu dut liburu honekin, Joxean Agirreren liburu guztiekin egin dudan bezala.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburua hau eta espero dut pandemia apaltzen ari den garai honetan argitaratuko diren euskal liburu guztiak hau bezain onak izatea!