Izenburua: Umezurtzen aberria
Idazlea: Julen Kaltzada
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2017
Euskal Herria umezurtzen aberria da. Gerra garaian edo ostean jaiotako euskal herritar askok ez zuten aita edo ama ezagutu: Francoren aldekoek gure herriko kanposatuetako hormen aurrean edota bide bazterretan milaka eta milaka herritar hil zituzten. Horrela hil zuten Julen Kaltzadaren aita, Derion. Baina, horrez gain, hainbat belaunaldi zurtz jaio ziren etxean norbait faltan izateaz gain aberririk gabe jaio zirelako. Askok bizitzan aurrera joan ahala deskubritu zuten zergatik senideak faltan zituzten, zergatik haien askazia ia guztiz desagertuta zegoen. Antropologia lana izan zitekeen autobiografia honetan Julenek, umore lehor batez, desagertutako ohiturez eta paisaiez hitz egiten digu eta kontzientziaren itzartze pertsonal eta kolektibo horren kronika bizia egiten digu: gerraosteko Urdaibaiko bere ibilerak; apaiztegietako giroa; Gogor apaiz-taldearen borrokak; Burgosko prozesuaren pasarte ezezagunak; Zamoran kartzelatutakoen askatasun-grina; herri honen berreuskalduntzearen lehen urratsak; Eginen sorrera zein itxiera… Xabier Amurizak eta Martin Orbek dioten bezala: “Liburu honetan, pertsona eta pertsonaia oso ‘aparteko’ bat aurkituko duzue. Baita gure historia ‘borrokalariko’ aro luze baten lekukotza zuzeneko bat ere”.