Izenburua: Amaren eskuak
Idazlea: Karmele Jaio
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2006
Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2006
Nereak 35-40 urte ditu; noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik.
Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizomoduak asko aldatu.
Bizinahiaren aldeko aldarrikapena dakarkigu eleberri eder eta hunkigarri honek, bazter guztiak zipriztintzen eta blaitzen dituen itsasoaren enbatak bezala.
Hiru emakume dira eleberri honen protagonistak. Nerea, gaur egungo emakume gaztea da. Luisa eta Dolores beste belaunaldi bateko bi emakume: Luisa, Nerearen ama eta Dolores, Luisaren ahizpa eta Nerearen izeba. Nerea orain ama izan da, bere familia du, eta iritsi zaio momentua Luisaren, amaren, bizipenen aurrean harkorrago egoteko. “Berandu samar” da. Ama ospitalean gaixorik dago iraganeko bizipenak berpizten. Arazoa, gaixotasuna dela eta, horiek ezin komunikatu dabilela da, ametsetan eta bere ahizpa eta garaikidea den Dolores ahizparekin ez bada. Beraz, Nereak izebarengandik entzun behar ditu bere amaren iraganeko bizipen horiek.
Orain liburuaren erdialdera nago, eta harrapatu egin nauela nabari dut. Irakurtzen ez banago, jorratzen dituen gai guztien artean batean bereziki, pentsatzen edo idazten egoteko beharra baitut. Hausnarketa sakonak eginez Nerearen historia nirera eraldatzeko beharra ikusten dut. Nik ez dut ama erietxean, nik ez du ama gaixorik, nik ez dut seme-alabarik, baina amak badu iragan bat. Eta bakoitzari bere aurreko belaunaldien inguruko bizipenen interesa momentu ezberdinetan pizten zaie, eta beste batzuei sekula ez. Liburu honek niregan hori pizten ari da, amaren kontakizun horiek bere ahotik entzuteko nahai, alegia.
ma-alaben arteko harremana jorratzen da liburu honetan. Protagonistak, beraz, bi emakume: egunkari batean lan egiten duen bi umeren ama eta beronen ama zeina koman dagoen ospitale batean. Ardatza, bi belaunaldi hauen artean dauden berdintasun eta aldeak. Harreman honen bidez gai potoloaz idazten digu idazleak: bizitza, heriotza, maitasuna… Gai eta sentimendu hauek konparazioen bidez azaltzen dizkigu. Iragan eta oraina nahasten ditu, saltoka dabil batetik bestera. Atseginez irakurtzen da.
Balorazioa: ona
Lehenego bi kapituluak motelak iruditu bazaizkit ere, hortik aurrerakoa kolpe batean irakurri dut, erabat harrapatu bainau. Protagonistaren ama erietxean dago gaixorik, eta amarekin izan duen harremanaz, amak izan duen bizitzaz eta ingurukoekin duen harremanaz hausnartzen du protagonistak.
Hagitz gustura irakurri dut liburua, arina da. Akabera aldera, azkarregi akitzen denaren sentsazioa ere izan dut. Familia, maitasuna, heriotza, lana… gai andana lantzen ditu Jaiok, eta horrelakoetan ohikoa izan ohi den sentimentalismo puntua ere badu. Ama eta alabaren paperarekin oraina eta iragana etengabe tartekatuz doaz liburuan, oraintxe ospitalean dago eta segidan sukaldean amarekin. Iraganera joateko hainbat baliabide erabiltzen ditu, ongi erabiliak, nire ustez: argazkiak, gutunak, amaren erranak…. Baliteke, gai horiek lehen eta orain mantentzen diren kezkak direla errateko baliatu izatea. Sentimentalismo puntua hartzen du aunitzetan liburuak, gehiegi zenbaitetan, dena baitago sentimenduetan oinarritua, metafora aunitz, konparazio aunitz…. Dudarik gabe, amaren papera ezinbertzekoa da nobelan, eta gisa horretan, hain hurbileko batek sekretuak –eta nolakoak– noraino gorde ditzakeen ere erraten digu, gu konturatu gabe. Amak isilik eduki dituen hainbat kontu jakinen baititu ospitalean Nereak. Perpaus laburrak, deskribapen sakonak, figura literario ugari… Dena elkarrizketaz eta bakarrizketaz osatua. Bitzako bertze gai batzuk ere ongi lantzen dira: lana eta bizitza nola bateratu, adibidez. Nereak amarekin egon nahi du, baina ezin du lana ere hor duelako. Gustatu zait liburua, horrelako liburuak irakurtzea gustuko baitut. Irakurtzea aholkatuko nioke edozeini.
liburuan agertzen den egoera edo oso antzekoa bizitzen ari naiz gurasoekin eta erabat identifikatuta sentitu naiz. Asko gustatu zait gaiari eman dion tratamendua, oso erreala iruditu zait eta eguneroko bizitzako gai gehiago lantzen jarrai desala proposatuko nioke.
Bizitzaren erdian, maitatzeari utzi dion lanak gainezka egiten diola, alaba txikia lotan dagoela baino ikusten ez duelari, eta, batez be, amaren ezusteko gaixotasunak sortzen dizkion minak, dudak, barne uholdeak, kontatzen dizkigu, maisuki, hunkigarriro, Nereak, protagonistak. Erraz irakurtzen den liburua eta erraiak mugiarazi egiten dizuna.
Irakurtzeko oso arina. Gaur egungo gaia tratatzen du, ama alzheimerrarekin, eta familian horrek duen eragina, batit bat alaba eta arrebarengan. Amak eta alabak ixilian izan dituzten bizipen batzuk ere agertzen dira. Liburu bat irakurtzean malkoren bat izuritzea oso arraroa da nigan (sentimendu hori idatziz transmititzea zaila iruditzen zait beneta), baina aitortu behar dut Karmelek lortu duela momenturen batean, eta horrek asko esaten dit bere idazteko era dela eta. Liburu gomendagarria benetan.
Negarraren gaiari dagokionez guztiz ados. Irakurri ditudan Karmele Jaioren bi liburuekin negar egin izan dut. Bai Aitaren Etxea, baita Amaren Eskuak liburuarekin ere. Idazteko modu bikaina du Karmelek.Oso oso gomendagarria.
Zoragarria. Liburu hau definitzeko hitz bat erabili beharko banu, goxoa erabiliko nuke. Goxotasuna dario. Oso istorio politak, goxotasunez beteak.