Izenburua: Mina edo libertatea!
Idazlea: Kepa Larrea
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2017
1817an, orain dela 200 urte, armada kolonial espainiarraren fusil-desarra trinko batek hil zuen Xabier Mina gaztea Mexikon. 1823an Mexikoko Kongresu Nazionalak gorengo mailako heroi izendatu zuen. Bizitza laburra baina oparoa. Minarena: 1789an Otaon jaioa, euskalduna; Nafarroan Napoleonen kontra borrokatu zen gerrillari buru, preso erori arte 1810ean; Frantziako espetxeetatik irtendakoan, 1814an, Fernando VII.aren kontra altxatu zen Iruña askatu nahian; Frantzian berriro espetxeratu eta ihesi ibili ondoren, Ingalaterrara joan zen 1815ean; han Penintsulako eta Ingalaterrako liberal batzuek (Holand, Russell, Blanco White, Florez Estrada) eta Ameriketako abertzaleek (Scott jeneral angloamerikarra, Fagoaga anaiak, Servando Mier) lagunduta, Mexikorantzko espedixzio baten buru bilakatu zen, independentziaren aldeko insurjenteen matxinada sustatzearren; 1816an Ingalaterratik Ameriketara abiatuta, Virginian, Haitin eta Galvestonen 300 ofizialeko gudaroste bat atondu zuen Bolivar askatzailearen, Aury komodoroaren eta Petion Haitiko presidentearen laguntzarekin; azkenik, División Auxiliar de la República Mexicana gudarostearen jeneral izendaturik, Veracruzetik hurbileko hondartzetan lehorteratu zen, eta Mexikoren errepublikaren eta independentziaren alde gerra egin zien Espainiako errealistei zortzi hilabetez, 1817an 28 urte zituela, fusilatu zuten arte.
Mina edo libertatea!
Hor nonbait irakurri dut Xabier Mina Historiak ahaztutako pertsonaia bat dela. Nik ezezagun bat dela uste dut, ordea. Behin irakurriz gero zaila, hartaz ahaztea. Berak ur-lasterraren kontra igeri egiten zuen eta hauek, badakigu, Historiak irensten ditu. Bere alboan borrokatu zuten euskaldun mordoa bezala.
Jose Bonaparte eta Fernando VII.a izan ziren bere etsai nagusiak. Baina xehe-xehe begiratu ahal dugu jadanik azken bi hauen biografietan eta ez dugu aurkituko Minaren arrastorik. Liburu hau irakurtzean horren zergatia jakingo dugu, bai.
Parisen kartzelaratuta egon zen lau urteren inguruan. Han aginte altuko militarrak ezagutu zituen, kartzelaratuak haiek ere, eta, hizkuntzez gain, gerrako estrategiak ikasi zituen haiekin; behin Mexikora iritsita, bertakoen alde gauzatuko zituen estrategiak.
Pertsona zintzoa zenez, gerra egiteko bere modua ere zintzoa zen, ahal zen neurrian. Eta beste bertute batzuen artean berau zen erakargarriena, etsaiarentzat barne.
Berak Mexikoko Independentzia ez zuen ezagutu, baina beharbada horrenbeste faltsukeria, horrenbeste zangotraba eta horrenbeste jokaldi makur bidean izan ez balitu, beharbada …
Gure eskoletan ikertu beharrezko pertsonaia.
Vamos a Mina!