Elkarrekin esnatzeko ordua

4

Izenburua: Elkarrekin esnatzeko ordua
Idazlea: Kirmen Uribe
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2016

Egiazko pertsonaiek eta gertakariek osatzen dute Kirmen Uriberen hirugarren nobelako kontakizuna: Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistentzia politikoa.

Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak.

Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen Letamendi-Urresti senar-emazteek ihes egin zuten Caracasera, baina Agirre lehendakariaren agindu batek atzera bueltan ekarri zituen Bilbora 1943an, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzera.

Espioitza, klandestinitatea, tortura, kartzela, heriotza, exilioa… familia baten bizipenak jasoz, kronika nobelatu bat duzu hemen, XX. mendeko gure historiaren atal berezi bat.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Poetika berezia du Kirmen Uriberen kondagintzak, eta poetika eder hori Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian primeran islatzen da: azaltzen duen irudi bakoitzean, gertakari bakoitzean, azaldutakoaz aregoa doan iradokizun andana dator, zamaturik: batzuetan iradokizun horiek mezuak dira, besteetan sentimendu biziak, hainbatetan soilik barrua mugiarazten dizun ezinegon baten hatsa. Txundituta utzi nau lan honek, ez baitu literatur hizkuntza aldetik artifizio handinahirik; erraz irakurtzen da oso, guztiz ulergarria da erabat gertakari historikoetan –egileak aitortzen duenez- oinarritzen den bilbea, korapiloa. Irakurketa etenez gero, oso erraz heltzen zaio berriro eta, beraz, ez dut ulertzen akademiakideen artean irakurri dudan kritikaren bat edo beste. Eta ezaugarri horiek izan arren bikaina da egileak txertatu duen bizipenen ugaritasuna, harmonia handian. Euskal Herriko familia askok izan dute, gehienek agian, 1936ko Gerra Zibilaren ondoriozko bizipen edo gertakari larriren bat; Uriberen obran gertakari jakinen gainean azaltzen diren hausnarketek jende ugariren erraia uki dezakete. Niri, behintzat, guztiak iraganetik gaurdaino egin dugun ibilbideaz zer pentsatu ugari eman dit. Mila esker, Kirmen, lan handi hau zure bizkar hartzeagatik!

Andoain 25.4

Letamendi-Urresti familiaren bizitza eta ibilbidea nobelatuak izateko modukoak dira, bai horixe! Kirmenek liburu honetan erabiltzen duen kontakizun-kronika estiloa erakargarri egin zait. Ipuin batean bezala jarraitzen duzu istorioa, eta, aldi berean, Euskal Herriko historiaren zati bat sakonki ezagutzen ari zara, hain modu errazean… Musche lana oso gustura irakurri nuon Uriberi eta hau ere atseginez irentsi dut. Oso gomendagarria. Akademiaren saria irabaztea merezi duela uste dut.

Ane Amutxastegi

Izugarri gustatu zait liburu hau. Hein batean, Ken Folleten Century trilogiarekin lotzen dut, beti ere euskal historian kokatuta eta errealitate kutsu handiagoarekin. Egia da, datu historiko andana aipatzen dituela liburuak, agian, historia zalea naizelako ez zait astuna egin; ulergarria da, bestalde, zenbaiti astun egia zati horiek. Oro har, 111 akademiaren sariaren merezidun dela deritzot!

Bilbo 54.3

Hirugarren liburu narratiboa ekarri digu Kirmen Uribek eta bestak bezain atipikoa dela esan behar dut. Eleberritzat hartua izan da, baina ez da fikziokoa, eta berari eta bere familiari buruz aipamenak egiten ditu, beste liburuetan bezala. Batzuetan saiakera dela ematen du, eleberria beharrean. Ez dakit zergatik, baina kostatu zait liburuak ni harrapatzea. Hala ere, bigarraen zatian lortu dut hori gertatzea. Beraz, asko eman dut liburua irakurtzen eta askotan nagikeria sortu zait eta beste gauza batzuk egitea lehenetsi dut. Baina azkenean, esan dudanez, lortu dut Letamendi Urrestitarren munduan murgiltzea eta, nahiz eta amaieran izan, gozatu egin dut irakurketarekin. Idazketaren aldetik, ordea, ez dago kexatzeko motiborik, bikaina delako. Beraz, gomendagarria da liburu hau, baina pazientzia eduki behar da liburuak hasieran harrapatzen ez bazaitu.