Izenburua: Cayo Hueso
Idazlea: Oihane Amantegi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023
Floridatik dingilizka geratutako azken uhartea da Cayo Hueso, Antillen erdian igeri, Kubaren eta kontinentearen erdibidean. Hantxe bizi da, otarrain-arrantzan, istorio hau kontatzen duen kapitain zaharra, eta hantxe agertuko dira, ezustean, nobelaren gainerako protagonistak: Virgil musika kritikaria aurrena eta Maudey jazz kantaria gero, bere bandarekin. Aurreko liburuan (Ibaiertzeko ipuina) erakutsitako nortasuna eta dotorezia nabarmenak dira honakoan ere: maitemin istorio betikoaren bariazio jolasak, ñabarduraz betetako estiloa, film zahar bateko dekoratua dirudien jokalekua, belarrian gozo sartu eta bertan itsasten den musikaren oihartzuna? Bere laburrean gehiagoren gosez uzten gaituen testu perfektu bat.
Ez nuen ezagutzen Oihane Amantegi eta ezusteko ona izan da. Historioak, berez, beste munduko misteriorik ez badu ere, kontatzeko era asko gustatu zait.
Egoera bakoitza azaltzeko egiten dituen deskribapenak oso argiak iruditu zaizkit; eta unean uneko sentimenduak azaltzeko hitz egokiak oso modu goxoan idatzita daude. Laburra bezain maitagarria.
Oihane Amantegiren aurreneko lanik ez nuen irakurri eta, egia esateko, bigarren obraren laburpenak, iragartzen ziren literatura estereotipo edo topiko batzuen beldurrez, atzera eginarazi zidan arren, irakurtzen hasi eta, egia esateko, oso gustora egin dut, ez kolpe batean irakurriz baizik eta hainbat saio laburretan. Istorioa soila da; ez du gauza handirik, baina istorio maiztu horren inguruan sortu duen giroak, ordea, harrapatu egin nau; bai, giroak… giro horretara hegaldatu izana gustatu zait, asko gainera.
Nire iduriko, hagitz eleberri intimista da Cayo Hueso, eta holakoetan ez da erreza irakurlearen leitzeko irrika bazkatzea erritmo geldoegian erortzeko arrisku handia dagoelakoz, are gehiago bertze pertsonaia batek protagonistengandik arreta ebasten badigu, tarteka-marteka. Zenbait momentutan erritmo motela eta esaldi formulazio errepikakorra dela eta, astun egiten da narrazioari segitzea, nire kasuan bederen. Bertze aldetik, editorea ere ez da fin ibili. Narrazio intimista maite dutenek atsegin hartuko dute eleberri honekin.
Sorpresa oso atsegina izan da Oihaneren liburu hau. Hasieratik harrapatzen zaituen liburua da. Oso atmosfera berezia sortzen du (Karibea, itsasoa, beroa, ura, alkohola, tabakoa, maitasuna …) oso modu erraz eta argian.
Beharbada pixka bat “abusatzen” du literatura-baliabide batzuen erabilerarekin (egitura errepikakorrena bereziki) baina “barkatu” ahal zaio lortzen duen efektu osoarekin.
Asko ematen du, gainera, eztabaidarako, interpretaziorako …
Bilboko irakurleak argumentua guztiz laua dela dio, eta horrekin ados egon naiteke neurri batean, kontatzen duena ez baitzait beste munduko ezer iruditu. Baina giro hori, idazleak sortu duen atmosfera hori…. Hori apartekoa iruditu zait. Horregatik bakarrik merezi du.
Oihane Amantegiren lehen liburua irakurri nuenean hemen idatzi nuen liburu horrekin ozenki eskatu zuela Oihanek balizko bigarren liburuari jarraipen osoa egitea eta, beraz, liburu horren zain geratzen nintzela.
Ba heldu da bigarren liburua eta dezepzio handia hartu dut hori irakurri ondoren. Laburra da liburua baina, hala ere, aspergarria, ezer gertatzen ez delako. Argumentua guztiz laua da: kapitain zaharra, Virgil, Maudey, Solomon, Maria, pertsonaia asko agertzen dira ezer interesgarririk ez egiteko eta horrela, amaiera heltzen da eta galdetzen diozu zeure buruari zer kontatu nahi zigun Oihanek, zertan zetzan argumentua, zertarako Sarrionandiaren hitzaurrea.
Formaren aldetik ez dut kexarik: euskara ederra eta konplexutasunik gabekoa erabili du idazleak eta azkar irakurtzen da liburua. Baina hori ez da nahikoa eleberri batean.
Ondorioz, ezin dut gomendatu liburu hau. Ea hirugarrena!
Oihane Amantegiren bigarren eleberria da, baina hau ez dago egilearen lehen lana bezala (‘Ibaiertzeko ipuina’) Georgian kokatuta (zehazki Ochlockonee ibaiaren ertzean?, Floridako uharte txiki batean baizik.
Joseba Sarrionandiak hitzaurrean azaltzen duen bezala uharte honek oroitzapen literario asko ditu; han bertan kokatu zituzten zenbait eleberri Teenesse Williamsek eta Ernest Heminwayk.
Liburuak narratzailearen bizitza kontatzen digu, kapitain zahar bat, abuztuaren hasieratik martxoaren amaierara arte, otarrainaren sasoia hasten denean, egunero ateratzen dena arrantzara. Beste pertsonaia batzuk: Virgil eta Maudey. Lehena musika kritikaria da eta bigarrena jazz banda bateko abeslaria. Bere maitasun eta desamodioak kontatzen dira eleberrian.
Egileak Berrian argitaratutako elkarrizketa batean dioen bezala, “testu honek usain bat izango balu, alkohola eta tabakoarena izango litzateke. Musikal bat balitz, berriz, Los tres Reyes taldearen ‘Amor, no fumes en la cama’ eta Ruper Ordorikaren ‘Kontserba fabrikaren aurrean’ lirateke doinuak.
Oso nobela laburra da, 100 orrialde baino ez ditu. Oso erraz irakurtzen da, Zornotzako egileak ez baitu ez hiztegi zein egitura konplexurik erabiltzen hiru ekitalditan banatutako testu honetan.
Hala eta guztiz ere, ez diot ezer berezirik aurkitu, ez atentzioa ematen didan ezer, ez bereziki erakarri nauenik.
Eserialdi bakarrean irakurri dut zeharo harrapatuta. Ederra baino ederragoa. Irakurri.