Izenburua: Din dilin dan
Idazlea: Pello Añorga
Ilustratzailea: Maite Rosende
Argitaletxea: Denonartean
Urtea: 2022
DIN-DILIN-DAN euskal ahozko tradiziotik jasotako formulez, kantez eta poesia ludiko-koralez osatuta dago eta, horretaz gain, Pello Añorgak berak sorturiko piezez eta jolasteko poematxoez: hala nola elkar ukitzeko, kilimak egiteko, kulunkatzeko, trostan aritzeko, lo egiteko, esnatzeko, bazkaltzeko, bedeinkatzeko, konjuratzeko, izakiekin hitz egiteko, egun bereziak partekatzeko eta abarretarako. Finean, liburu hau oso haur txikiekin errezitatzeko eta jolasteko da, harremana zein lotura afektiboa indartu dadin helduen eta haurren artean, ahozko komunikazioa sendotuz gainera. Horregatik, guztiz gomendagarria izan daiteke haur txikiak (0-7 urte) dituzten gurasoentzat, eta, noski, haur-eskoletan zein Haur Hezkuntzan dabiltzan hezitzaileentzat. 174 bideo egin dira.
Liburu honetako kantuek asko dute hitz-jolasetik, onomatopeiatik, errimarekin gozatzetik… Aurkibideak 7 atal ditu: Gertakari metereologikoekin hizketan, Izaki bizidunekin hizketan, Urteko ospakizunak partekatzen, Inbokatzen… Kantuon doinua jakin nahi duenak 2 bide ditu: liburuak dakarren QR kodea eskaneatu edo URL helbidea idatzi. 174 bideo guztira. Bibliografia ere badakar liburuak, eta abar.
Baina liburu honek, eta agian irakurle txikitxoenei eskainitako literatura guztiak ere bai, badu ezaugarri bat, alegia kontrazalak aipatzen dituen umetxo hauei pertsona helduago batek egin behar diela transmisio-lana edo zubi-lana, eta pertsona helduok liburu honekin eta kantuokin gozatu ezean nekez helduko dela 0-7 urte-bitarteko azken hartzaileengana. Aspaldi utzi zuen idatzia Lasagabaster literatura-irakasleak horrelako zerbait, euskal literaturaren alderdirik ahulena irakurlea bera zela. Ez dut gogoan irakurlearen ezaugarriez edo kopuruaz ari zen, baina edozein adierazpide artistiko ez bada heltzen heldu behar duen azken hartzaile horrengana hankamotz geratzen da. Gaur egun, zalantza egiten dut liburu zoragarri honek ba ote duen behar beste 0-7 urte-bitarteko azken hartzailerik. Edo gaur egun balitu ere, hemendik urte gutxira izango dituen.