Izenburua: Lanbroa
Idazlea: Pello Lizarralde
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2024
Larunbat arratsaldea merkataritza-gune batean. Gizon bat dabil han familia ondoan duela. Emakume bat ere bai, bakarrik eta zerbait erosteko asmoz. Begiradarik gurutzatu ez arren, gizonak eta emakumeak elkar ikusi dute.
Horrek eragin dien asaldura izugarriak handik lehenbailehen irteteko eta etxera erretiratzeko behar larria ekarri die. Bakoitza bere aldetik, hogei urte lehenago gertatu zena biziberritzen ahaleginduko da. Egun hartan ordu batzuk eman zituzten elkarren ondoan, eta ez biek hala nahi izan zutelako. Lanbroak hartutako lurralde baten barrena ibili ziren ihesi, helburu zuten muga lausoa noiz iritsiko.
Bataren ahotsak ekartzen dizkigun oroitzapenak ez datoz bat bestearenekin. Oroitu nahi izatea ez da nahikoa. Gogoratzen denari lotuta beti egoten da ahazten denak uzten duen hutsunea, eta bi protagonistei, aurrera egingo bazuten, orduko hura burutik kentzea komeni zitzaien. Hala ere, iraganak gordetakoa ez da gure nahira etortzen, eta betiko lo zegoela uste genuena noiznahi agertu daiteke. Ezin jakin noiz, ezin jakin nola.
Liburu ederra Pello Lizarralderen azkena. Etakide batek autoan zebilen neska bat bahitzen du muga zeharkatu ahal izateko, eta hogeita bi urte ondoren topo egiten dute biek merkataritza-gune batean. Topaketa hori eta, batez ere, ihesa biek deskribatzen dituzte, txandakatuta. Ederrak dira Pello Lizarralderen estiloa eta hizkera, erderismorik edo erdararik gabekoa, eta, beti bezala, gozagarria da bere liburu bat irakurtzea. Ihesaren deskribapen zehatzak film baten aurrean nengoela pentsarazi dit, ez baitzegoen hitz bat ere soberan. Ondorioz, irakurketarekin gozatu nahi duenak hemen du irakurri beharreko liburu bat. Guztiz gomendagarria da, Pello Lizarralderen liburu guztiak bezala.
Bikaina. Esaldi guztiak gusto handiz eta kalitatez idatzita. Zalantza gabe Pello Lizarralde euskal literaturan deskribapenen egile dotoreena da.
Nori ez zaizkio bere bizitzatik desagertutako iraganeko mamuak berriro agertu? Pasadizo bat gai unibertsal bihurtzen du.