Miren eta erromantizismoa

3

Izenburua: Miren eta erromantizismoa
Idazlea: Ramon Saizarbitoria
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2019

Ikasgelara mutil marokoar bat iritsi da. Said mutil azkarra eta atsegina da, eta gainera guapoa. Bigarren batxilergoko neska guztien begiak harentzako dira. Klarak bereganatu du mutila. Maitemintzea (eta maitatzea) sakrifizio eta sufrimenduarekin batzen dituen estereotipo patetikoenean elikatzen da Klara. Maitasun erromantikoa, zenbat frustrazioren iturri!
Mirenek ez du gustuko guapoa delako, edo ez horregatik bakarrik. Said pertsona inteligentea eta adeitsua da, eta gainera atsegin zaio. Pertsona sentibera iruditzen zaio Mireni, eta hori bai estimatzen duela berak, Klararen konbentzionalismo klasista eta arrazistatik urrun. Mirenen hiztegian, ordea, zintzotasuna, laguntasuna, tolerantzia eta askatasuna esangura handiko balioak dira, eta bere egiten du Literaturako irakasleak iradokitakoa, alegia, batzuetan ez dagoela beste erremediorik, baina ez garela jaio sufritzeko. Bere alde du Erromantizismoaren alderik onuragarri eta ederrena. Daukaguntxoa (eta garena) hobetzeko errebeldia eta aspirazioa. Maitasunaz eta bizitzaz ari zaigu nobela; eta bide horretan sentsibilitatearen heziketak (eta arteak) eskain dezakeenaz.
Ramon Saizarbitoriak, behin berriz, maisutasun narratibo eta humanoaren erakusgarri bikaina eskaintzen dio irakurle gazte eta helduari.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

Sazarbitoriak aho-zapore ona utzi zidan ‘Gorde nazazu lurpean’ eta ‘Lili eta biok’ laneekin. Oraingoan, ordea pixka bat nahastuta nago.
Alde batetik, eztabaidak gustatzen zaizkit, ea zer den arrazista izatea, ea Clararen ama hala den ala ez eta batez ere musulmanei buruzko esaldi hau: “…jihadistak zirela atentatuak egiten zituztenak ez musulmanak, eta musulmanak berak ziren atentatu gehien jasaten zituztenak” 116.orrialdean.
Gainera, eskertzekoa da hiru pertsonaia agertzea, bi ateoak: Iñaki Altube eta Mirenen ama eta bestea agnostikoa: Martxel. Oso gauza arraroa euskal literaturan.
Baina beste alde batetik, ez zait gustatu Saïden azken jarrera eta Mireni bere burua zuritzeko idazten dizkion hitzak. Ez ditut transkribatzen, ez dudalako “spoilerra” egin nahi. Aurreko kritika egiten duen pertsonak arrazoi du, idazlea matxistatzat jotzen duenean. Beharbada, hortik dator “Miren eta erromantizismoa” izenburua.
Bukatzeko, erromantizismoari dagokionez, bi ideia aurkezten ditu: bata Isaias Berlinena da, zeinarekin ez bainago batere ados, eta bestea maitasun erromantikoaren ideia, erabat onartzen dudana”.

Alegia 41.1

Gazteei zuzendutako liburua dela esango nuke. Ez zait gehiegi gustatu Mireni emandako papera, hau da, mutilak esandakoa erabat sinetsi eta itsu-itsuan maitemintzen den neskarena, alegia. Emakumezkoen betiko estereotipoa gehiegi azaltzen dela iruditu zait. Gaur egun, maitasunaz ikuspegi kritikoago bat eman behar litzatekeela uste dut.

Bilbo 54.3

Saizarbitoriaren azken liburua helduentzako literaturaren eta gazteentzako literaturaren arteko tarte lausoan kokatzen da eta nago bi aldeetan kritika negatiboak lortuko dituela.
Ni, heldua naizen hau, sarritan aspertu naiz, protagonistaren maitemintzeari buruzko pasadizoetan batez ere, eta beste batzuetan nekatu egin naiz Ramonek maiz erabili dituen paragrafo luzeekin, menpeko perpausez beteta zeuden paragrafoekin, hain zuzen.
Behintzat, liburu honetan ez da egon erdaraz hitz egiten duen pertsonaiarik eta liburu oso-osoa euskaraz dago. Gaitzerdi.
Ondorioz, ezin diet helduei gomendatu liburu hau. Ea gazteei gustatzen zaien!