Izenburua: Minotauro
Idazlea: Txomin Peillen
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2020
Aspaldiko mendeetako Euskal Herrian aita pedofilo intzestu egileari gertatua harilkatzen du eleberri honetan Peillenek. Erdi elezahar hori oraingo leinu bati egozten dio, eta, horregatik, Hego Amerikako herri batean, asmatu toki izenekin, kokatzen du kontakizuna, nahiz horrelakoak mundu osoan gertatzen diren eta mundu osoko literatur tradizioak jasotzen dituen. Horrenbestez, hamaika urteko neska baten bortxaketa jartzen zaio irakurleari begien aurrean, baina, bereziki, eraso lazgarriaren ondoren neskatoak bere burua berreraikitzeko ibili beharko duen bide malkarra, eta bide horretan bi neska lagunen adiskidantzak izango duen garrantzia. Eleberri moral bat josi du Peillenek, gizon batentzat batere eroso ez diren lehengaiak erabiliz, eta begien bistan jarriz gizonek desegite/berreraikitze dialektika horretatik atera ditzaketen ikaspideak.
Tamalez, aspergarria iruditu zait Txomin Peillenen azken liburua. Pedofilia eta bortxaketak ditu argumentu gisa eta hauexek gai berritzaileak dira euskal literaturan (Jon Miranderen “Haur besoetakoa”liburuan ez zen agertzen bortxaketarik).
Liburuaren lehenengo zatia, aitak alaba etengabe bortxatzen duela azaltzen duen zatia, hain zuzen, oso ona iruditu zait. Handik aurrera, ordea, Leandraren bizitza kontatzen duen zatia benetan aspergarria iruditu zait. Beraz, asko kostatu zait liburua amaitzea, interesa guztiz galduta nuelako
Bestalde, eleberria oso ondo idaztita dago, erderismorik gabe. Hori oso garrantzitsua da hegoaldekoentzat (niretzat). Bestela, argumentu aspergarriak eta frantsesetik eratorritako hitzek nahasketa lehergarri bat sortuko zuten. Alde horretatik, eskertzekoa da Txomin Peillen erabiltzen duen euskara ederra.
Ondorioz, nik bakarrik gomendatuko nuke liburu hau argumentu berritzaileagatik eta Txomin Peillenena delako Izan ere, Txomin gure literaturako idazle oparoenetarikoa da. Ea idazten jarraitzen duen!