Izenburua: Ni ez naiz Mikel Laboa
Egileak: Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larretxe
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022
Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa. Ukaezinak dira tradizioa bereganatzeko zuen sena, transgresiorako kemena eta bere ahotsaren bidez komunitatearen mina katarsi bihurtzeko gaitasuna. Baina nola aurre egin xaman baten bizitza marrazteko erronkari? Jostaria eta apurtzailea zena ezin zurrun kontatu. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek eleberri grafiko honetan bidelagun, errealitatearen errekako korronte geza irudimenaren itsasoko urekin nahasten den puntuan murgiltzeko gonbidapena eginez.
Laboaren errealitatea eta irudimena nahasten dituen nobela grafikoa. Aurretik komeni da Laboari buruz zeozer jakitea, bestela galduta egon zaitezke liburua irakurtzerakoan.
Irudi ezin hobeak, kantuen errepasoa,… Nahiz eta kantautoreari buruzkoa izan, asko gustatu zait istorioan Marisolek, emazteak, duen pisua. Badakigu Marisolek zelako garrantzia izan zuen bere karreran eta liburuan primeran islatzen da.
Laboa apur bat gehiago ezagutzeko ezinbesteko lana.