Izenburua: Zazpi ebidentzia birjaiotzarako
Idazlea: Xabier Amuriza
Argitaletxea: Lanku
Urtea: 2012
Euskara batuaren bigarren jaiotza-ri jarraipena emanez, bidezko eta beharrezko iruditu zait bertsio zentratuago bat ematea, gai txikiago eta eztabaidagarriago guztiak ezabatu eta arazo nagusietara bakarrik mugatuz. Azken batez, gai horietantxe baitakust euskararen norabidearen gako erabakiorra. Arazo nagusiok “ebidentzia” moduan aurkezten ditut, halakoxeak direla uste dudalako: ebidentzia: Ebidentzien aurrean, jarrera bakarra dago: onarpena ala ezezpena. Har ala utz. Bitarteko eztabaidak ez du onura handirik.
Ebidentzia ez da azaltzen, hain gutxi esplikatzen. Proposamen ebidenteak aurkeztu bakarrik egin daitezke. Era zorrotzago edo ez-zorrotzagoan, argiago edo ez argiagoan, begi bistan jarri bakarrik. Batzuek bura biratuko dute, muzinka edo biraoka. Beste batzuek arreta jarriko dute, esanez: “Egia izan daiteke”. Zernahi kuestionatzeko jenioa duenak dena galde lezake: “Zertan oinarritzen duk ‘ebidentzia’ dioan hori?”. Erantzuna sinplea da: “Ebientzia ez da oinarritzen. Bera da ondorioen oinarri”. Ebidentzia guztiak ez dira, noski, berezkoak edo inmediatoak. Euren arrazoi eta bilakaerak behar izan dituzte, ebidentzia mailara iristeko. Saiaketa honetan aurkezten diren zazpi ebidentziak maila horretara iritsitzat jo daitezke.
Zazpi ebidentzia:
Agian ez da literatur liburua, bai ordea euskal literaturarekin lotua, euskarari buruz mintzo baida Amuriza.
“Euskal Herria euskalduntzea ez dago euskaldunon esku bakarrik. Bai dago gure esku -eta geure bakarrik- hizkuntza lehiakor bat garatzea…”
Euskal aditzaren erdia ez da erabiltzen inon inork; eta erabiltzen dugunaren horren erdia, gaizki erabilki dugu. Zer egin euskal aditza eder/mardul horrekin? Bere horretan utzita ere, eder, mardul, dinosaurio harena gerta dakioke/dakiguke: ederra, mardula, bere kargagatik itto egin zela eta desagertu. Dinosaurioa. Berriki balea bati ere Donostian gauza bertsua gertatu omen zaio: bere kargatan itto.
Eta datiboa aditzatik kanpo aterako bagenu? Edo pluralizatzailea? Fu !!. Karga ederra kenduko genioke itto-larrian aditzaren saretan dabiltzan euskaldun berriei… eta euskaldun zaharroi.
Hara, halako edo antzeko galderak –galderak !!– darabilzki Amurizak liburu honetan. Beretzat, ebidentziak.
Euskararen munduan ari garen langile/profesional edo /eta militante guztiok irakurri beharrekoa, nire idurikoz. Ondoren ezezko borobila emanen bazaie ere bere proposamenei, entzun eta adittu egin beharko lehen, gero zokoratzeko bada ere.