Izenburua: Oso latza izan da
Idazlea: Xabier Mendiguren Elizegi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023
Joxe Arregiri, hil ostean, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia berreraikitzen du nobela labur honek, han protagonista izan ziren hiru lagunen bizitzak aletzen: Joxe Arregi bera, Bixente Ameztoi pintorea eta Juan Kruz Unzurrunzaga ekintzaile eta arte-promotorea.
Benetako sorpresa izan da Xabier Mendigurenen liburu hau irakurtzea. Egia esan behar badut, aurrez, idazlearen beste liburu batzuk irakurtzen hasi eta utzi egin ditudala aitortu behar dut. Beraz, egia esateko “pereza” pixkat ematen zidan liburu hau irakurtzen hasteak, baina gaia zein zen ikusi ondoren eta zuzenean ezagutu izan nuenez, irakurtzera animatu naiz eta ez zait damutu.
Zoritxarreko gertaera izan zenean, susmo ugariak genituen “ofizialki” emandako azalpenen sinesgarritasunean eta, egia esanda, ez genituen sinesten eta beti pentsatu izan nuen kartzelan edo komisaldegian norbaitek ezkutuan ateratako argazki batzuei esker jakin genuela benetan gertatutakoa.
Dirudienez, urte batzuk geroago honen inguruan hedabideren batean egiaz gertatutakoa azaldu zen, baina nik orduan ez nuen informazio horren berri izan eta horregatik gure historiarako benetan gorde beharreko informazioa eta dokumentu oso garrantzitsua iruditzen zait liburuan kontatzen dena.
Zirraragarria egin zait ekintzak nola izan ziren jakitea eta protagonisten ausardia eta balorea azpimarratuko nituzke beraiei esker egia jakin delako.
Egoera politiko orokorraren inguruan egiten duen komentarioren batekin agian ez nago erabat ados, baina dokumentu bezela benetan OSO ONA da.
Aldi berean beste zenbait pertsonaren lana eta inplikazioa baloratzeko aukera eman dit. ZORIONAK, Xabier!
OSO LATZA IZAN DA
(Ez zen odol hotzean izan, ez)
Liburu hau irakurtzea erabakitzen baduzu, irakurle adiskidea, ehun orrialde eskas horiek amaitzeko behar duzun denbora gutxienekoa izango da, arnasaldi batean egingo baituzu. Hala ere, egileak kontatzen dizkigun gertaerak digeritzeko behar den denbora luzeagoa izango da, baina dezente luzeagoa.
Xabier Mendiguren saiatu da datuak biltzen eta transkribatzen, herri honi, memoriotsua dela jakinda ere, arrakalaren batetik filtratu ez dakion gertaera paradigmatiko baten nolakotasuna eta zergatia: polizia-bulegoetan hil zen Joxe Arregiren bizitza eta heriotzaren ezaugarriak, eta bere “berpiztea”. Eta kontakizun hori kazetaritza-kronika gisa idatzi zitekeen. Baina egileak zapore literarioz atontzea erabaki du.
Obra pedagogikoa, edonola ere.
Oso ausarta izan da Xabier Mendiguren, 1981ean Joxe Agirreri lotutako torturen eta heriotzaren inguruko liburua idatzi duenean.
Oso beldurgabea izan da Beasaingo idazlea, 55. orrialdean herri honetan milaka gizon eta emakume torturatu dituztela idatzi duenean: ”Torturatu, milaka gizon-emakume torturatu dituzte herri honetan. Gupidarik gabe, etenik gabe, sistematikoki eta legeen eta agintarien eta komunikabide gehienen babes oso-osoarekin”.
Oso irakasgarria izan da Zizurkilgo hilerrian Joxe Arregiren gorpuari argazkia atera zioten hiru pertsonen biografia irakurtzea, Arregiren familiak azken aldiz ikus zezan eta mundu guztiak jakin zezan poliziak torturatu eta hil egiten zuela.
Oso hunkigarria izan da espetxeko ospitalean harekin egon ziren hiru preso politikoen portaera irakurtzea. Hain zuzen ere, gutun bat idatzi zuten Joxe Arregi jasaten ari zen agonia kontatzeko.
Oso arriskutsua izan zen gutuna hartu zuen preso politikoak egindakoa: pilota batean ezkutatu eta kanpaldi batera bota zuen, Joxe Arregiren aitak eta arrebak har zezaten.
Oso egokia izan da Andrea Mantegnaren “Kristo hila” koadroa liburu gomendagarri honen azalerako aukeratzea.
Oso garrantzitsua da liburu hau irakurtzea, zabaltzea eta biral bihurtzea, ez bakarrik ondo idatzita dagoelako, baizik eta kontatzen duena ezin delako ahaztu horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen.