1972an Mungian jaioa, Pi L.T. metal talde mitikoan egin zen ezagun. 2003an rock-pop estilora jauzi egin eta bakarkako ibilbide emankor bezain distiratsu bati ekin zion, eta zazpi lan plazaratu ditu ordutik. 2015az geroztik Lou Topet taldeko gitarra-jotzailea ere bada.
Gustuko dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:
TWIST. Harkaitz Cano (Susa, 2011)
Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna.
ZALDI MAMARROA. Ekaitz Goienetxea (Elkar, 2018)
Karramarroak trabeska ezkutatu ziren itzaletan. Itsasontzien motor eta zaratetatik aparte, kofradia inguruetako deskarga eta aldarrietatik harantzago, ontziolako karroen artean, amarratutako tresnen kulunka hotsak entzuten ziren olatutxoen txipli-txapla gozoekin batera berdin-belarrezko aldatsean gora eta behera, gora eta behera.
Burdinazko kateen kirrinka eta tuklunka metalikoak. Txikoten sokatira teinkadak eta intziriak. Plastikozko buia zanpatuen igurtzi eta aiene desinflatuak. Goma baten flap kolpea besoko azalaren kontra.
ZULOA. Xabier Gantzarain (Elkar, 2018)
Paradoxa polita da: iraganak irautera egiten du. Eta narrazio batean sartzen dugu iragana, zentzu bat ematen diogu orainetik, zentzu bat ematen diogu oraindik; ondo asko dakigu, nean, iragan baten hondarrak garela. Hondarren hondarrak, nahiago bada. Eta narrazio horri historia izena ematen diogu, argi gera dadin, ez dezagun nahastu literaturarekin, inork ez dezan pentsa asmatua denik, bere akziozko izaera ezkutatzeko. Historia kzioa da erabat, narrazioa, kontakizuna. Eta galdera da: artea kzioa da? Arteak ere irautera egiten du, eta Euskal Herriaren historia hurbila artearen bitartez aztertzen da Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako liburu honetan. 23 saio labur dira, bakoitza artelan batetik abiatuta idatzia, testuingurua erakutsiz, bizitzarekin lotuz, memoriarekin, gure zulo beltzarekin. Ez da artearen historia bat, ez da historia liburu bat ere: memoria ariketa bat da funtsean. Memoria guztiak bezala tranpatia, kapritxosoa, obsesiboa, irrazionala, desegituratua, zatika emana, eta hala ere absolutua. Artelanak izan ohi diren moduan.