Joxean Agirreren nobela eta Joxe Manuel Odriozolaren saiakera, Elkarren nobedadeen artean

0

Joxean Agirreren nobela berria da Elkar argitaletxearen urteko lehen nobedadeetako bat: Gizon barregarriak titulupean kaleratu du idazle azpeitiarrak bere azken eleberria.  Agirreren nobelarekin batera, Joxe Manuel Odriozolaren saiakera berriaren argitalpena ere iragarri du Donostiako argitaletxeak: Nazionalismoaren alde eta aurka izenburupean kaleratu du Odriozolak bere lan berria.

Gizon barregarriak
Jubilatu ondoren aspertzen hasita dauden komando ohi bateko kideak atraku bat eta bahiketa bat antzeztera jolastuko dira, berrogei urte lehenagoko ekintzak gogoratzeko, batetik, eta garai hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko ertzainekin sagardotegian apustu bat egin dutelako ere bai.
Politika, umorea eta erotismoa nahasten dituen koktel gisa funtzionatzen duen nobelak hainbat adar ditu: zahartzaroaren eta maskulinotasunaren gaineko gogoetak, garai bateko ideal eta helburuen zimeltzea, baita gaztetasunaren gorazarrea ere, gizon barregarriek adinako protagonismoa baitu Maria Mendizabal Antropologiako ikasle gazte eta distiratsuak, zeina uniformedunen usainei buruzko doktore-tesia egiten ari den.
Idazkera bihurri ederra eta tramaren katramila ustekabekoak elkartzen ditu Agirrek literaturaren ospatze gisa gozatzen den nobela harrigarri, dotore bezain ironiko honetan.

Nazionalismoaren alde eta aurka
Zer da nazionalismoa: gizatalde batek bere kideen ongi-zatea bermatzeko doktrina? Etnia bat ondokoen gainetik ezarri eta besteak menperatzeko ideologia? Herri batek bere iraupena ziurtatzeko tresna?
Identitatea, nazioa, hizkuntza, kultura, kosmopolitis-moa, abertzaletasuna, inperialismoa eta antzeko ideiak arretaz haztatu ditu egileak, horien arteko harremanak aztertuz eta balizko kontraesanei iskin egin gabe.
Izan ere, munduko herrialde gutxi batzuk aberasatasun gehienaren jabe eta gainerakoak pobrezia gorrira derrigorturik daudenean, ba al du zentzurik nazionalismoak, taldeko egoismotik harago? Berdinak al dira honetan estaturik gabeko herrien nazionalismoa eta estatu baten babesa dutenena?

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments