Gizon barregarriak

3

Izenburua: Gizon barregarriak
Idazlea: Joxean Agirre
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024

Jubilatu ondoren aspertzen hasita dauden komando ohi bateko kideak atraku bat eta bahiketa bat antzeztera jolastuko dira, berrogei urte lehenagoko ekintzak gogoratzeko, batetik, eta garai hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko ertzainekin sagardotegian apustu bat egin dutelako ere bai.
Politika, umorea eta erotismoa nahasten dituen koktel gisa funtzionatzen duen nobelak hainbat adar ditu: zahartzaroaren eta maskulinotasunaren gaineko gogoetak, garai bateko ideal eta helburuen zimeltzea, baita gaztetasunaren gorazarrea ere, gizon barregarriek adinako protagonismoa baitu Maria Mendizabal Antropologiako ikasle gazte eta distiratsuak, zeina uniformedunen usainei buruzko doktore-tesia egiten ari den.
Idazkera bihurri ederra eta tramaren katramila ustekabekoak elkartzen ditu Agirrek literaturaren ospatze gisa gozatzen den nobela harrigarri, dotore bezain ironiko honetan.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu atsegina Joxean Agirreren azken eleberria. Gizon nagusi baten eta neska gazte baten miresmenezko harremana kontatzen digu idazleak, gizonak bere lagunekin batera egindako bi delitu-antzezpen hartuz liburuaren haritzat.
 
Oso azkar irakurtzen da eleberri hau eta zapore gozoa izan dut hasieratik amaierara arte. Joxeanek estilo arina (baina ez arrunta) eta ironikoa du eta horrek beti alaitzen du irakurketa, beti irriarekin irakurtzen ditut bere liburuak.
 
Gozatu egin dut, beraz, izenik ez duen gizonarekin, bere lagunekin eta Mariarekin, eta pena izan dut liburua luzeagoa ez izateagatik.
 
Ondorioz oso gomendagarria da liburu hau.

Mutiloa-Aranguren 34.1

Irakurri ditudan Joxean Agirreren eleberrietan beti agertzen da gizon barregarri bat, gehienetan protagonista bera. Oraingo honetan ezaugarri horrek izenburua eman dio nobelari. Idazleak ez nau atsekabetu eta bere liburu gozagarrietako bertze bat irakurri dut atseginez. Nire iduriko, hiru hariz baliatuta josi du bere kontakizuna Agirrek: uniformatuen usain desberdinei buruzko ikerketa bat egiten ari den antropologiako ikaslea, honek berak izan duen sexu kasuala ardatz argitara eman behar duen eleberria eta fakultate berean izandako irakasle bat haren liburua zuzendu bidenabar neskaz liluratu dena. Hau guzia gutti balitz, protagonistak, nostalgia tarteko, antolatzen du atrako faltsu bat gazte denborako komandoko kideekin, eskuetatik erabat joaten zaiena. Lau hari hauekin eraiki du zahartzaroa gai duen eleberri izugarri entretenigarria, tartean aro horren gainean hagitz esaldi eta hausnarketa burutsuak eta finak txertatuz. Erran bezala, Agirrek ez dit sekula hutsik egin eta bere ekoizpen oparoa opari da niretako.

Bilbo 54.4

Joxean Agirreren azken liburuak, ‘Gizon barregarriak’ izenekoak, ez nau batere asebete. Izan ere, behin baino gehiagotan eduki dut liburuaren irakurketa bertan behera uzteko bulkada.
Agirrek, alde batetik, gizon nagusi batzuk jarri ditu kontakizunaren erdigunean. Horiek gaztetan, euren militantzia-sasoian, porrot hutsa izan zen ekintza berregin nahi dute adinkide diren ertzain batzuekin afaloste batean apustu egin dutelako. Bestetik, uniformea janzten duten pertsonen usainen inguruan doktore-tesia egiten ari den neska gazte bat ere sartuko da gizon horien bizitzetan.
Nago Agirrek adinean aurrera doazen gizon askoren karikatura maltzurra eta, aldi berean, umoretsua egin nahi izan duela; hau da, erretiroaren atarian, gaztetasunaren azken kantua botatzeko beharra duten gizon batzuena. Baina, niri, behintzat, ez dit irribarrerik eragin eta liburuko gizonak barregarriak baino patetikoak iruditu zaizkit. Mariaren pertsonaiak ere ez nau bete eta topikoz osatuegia egin zait. Horrez gain, narrazioaren haria ere ez zait batere argia iruditu eta elementu asko soberan zeudela iruditu zait, Mariak bere esperientzia sexualen inguruko artikulua, adibidez.
Dena den, hizkuntza ederra erabili du eta, aitortu behar dut metaliteraturaren inguruko iruzkinak eta aipamenak maisuki tartekatu dituela eta zoragarriak izan direla.
Bukatzeko, ELKAR argitaletxeak orain ere argazki oso ederra aukeratu du azalerako.