Olatz Mitxelenak eta Harkaitz Canok Espainiako Kritikaren Saria jaso dute

0

Espainiako Literatur Kritikaren Elkarteak hala erabakita, Espainiako Kritikaren Saria jaso dute Olatz Mitxelenak eta Harkaitz Canok: Mitxelenak narratibaren alorrean irabazi du saria Arrain hezur bat eztarrian (Elkar) narrazio bildumrekin; eta Cano poesiarenean gailendu da Ulu egiteko bolondres bila (Susa) lanarekin. Bi liburuok iazko euskarazko lanik oneka direla iritzi dio aipatu elkarteak.

Arrain hezur bat eztarrian
On asmoz abiatu eta hondamendian amiltzen diren txangoak, edo itxura negargarria izan arren amaiera gozoa hartzen duten festak. Ezer ez da dirudiena istorio hauetan: errealistak batzuk, fantastikoak bestetzuk, beti dute gorderik ustekabearen harra, bolante kolpea, magiaren printza. Olatz Mitxelenak, Igartza Sariari esker ondutako bere lehenengo ipuin liburu honetan, esku trebea eta ahots propioa erakutsi ditu: lehenak balio dio prosa jostalari bezain zehatz batez idazteko; bigarrenak, berriz, ideia berritzaileak sujeritzeko, noiz asaldatzaile noiz adar-jotzaile, liburua itxi eta gero ere irakurlearen gogoan luzaroan iraungo dutenak.

Ulu egiteko bolondres bila
Zerk bereizten du ulu bat otoitz batetik? Eta otoitz bat poema batetik? Izan al daiteke zerrenda bat poema? Izatez, ba ote da poema ez den zerrendarik? Lapurtutako testuei forma aldatzea aski da testu baten jabetza geureganatzeko? Ekar ote liteke poema liburu batera Oteizaren Klarion laborategia proiektua? Galdera horiei jarraiki osatu dira poemario honetako atal ezberdinak, diziplinari berari buruz hausnartuz eta poemaren muga formalak ikertuz, librearen librez, neurri eta errima guztietatik aske, noiz jostari eta noiz mamitsu, beti arakatzaile.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments