Amaia Apalauzak irabazi du 2024ko (H)ilbeltza beka

0

Amaia Apalauza Ollok irabazi du 2024ko (H)ilbeltza beka, Núria Cadenesen Guillem eleberria euskaratzeko. Halaxe erabaki du Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Beñat Irastorza (H)ilbeltzako ordezkariak eta Garazi Arrula Txalapartako editoreak osatutako epaimahaiak, eta honakoa azpimarratu dute: “Katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen bereziki aipagarria iruditu zaigu, horretarako joskera zaindu baitu eta euskararen baliabide ugariak baliatu baititu, testuari jario handia eta aberastasuna emanez”.

Lagin irabazleari 3.000€ emango zaizkio orain eta beste 3.000€ lana akitzerakoan. 2025eko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2026ko ilbeltzean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.

Amaia Apalauzak (Iruñea, 1979) Euskal Filologia ikasi, eta Nafarroako euskarari buruzko doktore-tesia aurkeztu zuen 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da egun, eta EIZIEko zuzendaritza-taldeko kidea. 2015. urtean argitaratu zuen lehen literatura-itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman: Sergei Dovlatoven Maleta ipuin-liburua. Ordutik hainbat liburu euskaratu ditu, eta katalana du lan-hizkuntzetako bat. Bi liburu itzuli ditu katalanetik: Irene Pujadasen Puskak (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora (consonni, 2024).

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments