Itziar Ituño

0

Emakume idazleak erreferente moduan hartzeko erabaki sendoa duela dio, eta halaxe aurkeztu digu bere Hirukoa. Euskaldunok ezaguna bagenuen ere, ‘La casa de papel’ telesaileko protagonista izateak nazioarte mailako ospea eman dio Itziar Ituñori (Basauri, 1974).

KONTRAKO EZTARRITIK. Uxue Alberdi (Susa, 2019)
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak hamabost bertsolari elkarrizketatu ditu lisiperen bosgarren ale honetan. Helburua, aldiz, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo. Hala adieraziko dute elkarrizketatuek.
Emakume mordoak omen dihardu bertsolaritzan. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Guk badakigu emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak.

SISIFO MAITEMINEZ. Laura Mintegi (Txalaparta, 2001)
4Denok maitemindu gara noizbait. Eta badakigu maitasunak erotu egiten gaituela. Maitemintzeak muturreko egoeretara eramaten gaitu. Heroizidaderik handiena eta miserablekeria lardazgarriena egin dezakegu maiteminaren aitzakiaz. Bata zein bestea. Edo bata eta bestea, elkarren segidan, sekuentzia berean. Maitemina, pasioa, desira, gabezia, antsia, hutsunea, itxaropena, etsipena. Banaka hartuta arriskutsuak diren sentimenduak dira, baina lehergarriak izan daitezke denak batera agertzean. Ederki daki hori guztia Anek, Mikel ezagutu zuenetik buelta eman baitio bizitzari. Familia utzi, alde egin eta urte batzuen ostean berriz itzuli da etxera. Eta itzuleran kokatu gaitu Laura Mintegik, Aneren ingurukoekin heriotzaren, misterioaren, psikoanalisiaren eta maitasun suharraren bideetan ibilaraziz.

BIHOTZ HANDIEGIA. Eider Rodriguez (Susa, 2017)
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments