Josu Goikoetxeak irabazi du Joseba Jaka beka

0

Josu Goikoetxeak irabazi du Elkar Fundazioaren 2024ko Joseba Jaka beka. Hiltzailea eta beste ipuin batzuk proiektua aurkeztu zuen Bilbon bizi den idazle gernikarrak eta Irati Majuelo Itoitzek, Itziar Ugarte Irizarrek eta Iban Zaldua Gonzalezek osatutako epaimahaiak erabaki du aurkeztu ziren 15 lanen artean beka lan horri ematea.

Ipuin soltez osaturiko bilduma bat definitzen erraza ez izan arren, laginean aurkezturiko ipuinen kalitatea azpimarratu dute epaimahaikideek: originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa.

Egileak 10.000 euro jasoko ditu urtebeteko epean liburua ondu dezan. Liburu hori, ondoren, Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

Josu Goikoetxea ezaguna da euskal kultur munduan. Lubaki bandako partaidea izan zen, eta batez ere ezaguna da bertso munduari lotuta, gai-jartzaile izateaz gain, Hitzetik Hortzera telebista saioko zuzendaria eta aurkezlea izan zelako hainbat urtez. Poesia liburu bat du argitaratuta, 2018an kaleratutako Zer luzea negu hau, eta haurrentzako album bat, Mia, Marteko robota. Horrez gain, Walt Whitmanen antologia bat itzuli du Munduko Poesia Kaieretarako.

Joseba Jaka bekak lehen aldi bat izan zuen 1996 eta 2006 artean, literatura lanetarako bekak eman zituenekoa. Ondoren, geldirik izan zen hamar urtez, eta 2016an berriro jarri zen martxan. Bigarren aldi honetan sormen beka gisa eratu zen eta ordutik literatura lanetarako ez ezik, musika edo antzerki proiektuetarako ere eman dira bekak.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments