Amaia Hennebutte: “Artearen garrantzian sinesten dut, eta gizaki egiten gaituena dela uste dut”

0

1974ko udan sortu zen senpertarra. Artista, bai irakasle zenean baita profesionalki buru belarri lanbideari lotuz geroztik ere. Albuma ezinbesteko bizilagun du: 15 sortu ditu eta haiei bizia eman die. Erronkazalea, eta pasioz bururaino eramateko prest. Mintzaira goxoaren xarmaz eta irudimenez indar handiko mezu sakonak sortu eta helarazten asmatzen du. Gaur egun Galtzagorri elkarteko lehendakaria da.

Hitzekin jostatzea duzu pasio. Hitzak dantzan jarri zituzten zure egun berean, abuztuaren 14an, dezente urte lehenago sortu ziren bi euskaldun ezagunek ere: Elizanburuk (1828) eta Txirritak (1860). Ah, bai? Ez nekien! Zer sorpresa atsegina!

Sortzeko baduzu erreferente izan daitezkeenengana jotzeko joerarik? Edo berritik eta barrutik sortzea duzu helburu? Ez dut helbururik, ez helburu berezirik. Barnetik jalgitzen zaizkit. Album ilustratuetan Leo Lionni, adibidez, mundu osoan ezagutua den idazlea da, eta haur literaturan ezinbesteko erreferentea da niretzat. Ilustrazioetan aitzindaria izan zen eta beti mezu bat pasarazten du. Berak zuen, adibidez, ‘Urdin Txiki eta Hori Txiki’ atera, eta garaian eskandalu bat sortu zen haur literaturan.

Oso arlo zabal eta ezberdinak landu dituzu ikasketetan: Zuzenbidea eta Kirol lizentzia, Euskal  ikasketen eta Irakasle diplomak dituzu. Eta munduan zehar urtebeteko bidaia. Bide anitz eta aberatsak.  Bai, ibilbide berezia izan dut. Zuzenbidean sartu nintzen familiaren presioarengatik, baina azkenean, nire barneko boza entzutea lortu nuen. Ondorioz, niretako aproposa ez zen zuzenbidearen mundua utzi nuen eta kirol ikasketetan sartu nintzen, biziki kirolaria bainintzen, eta andereño izateko bidea hartu nuen.

Ikastoletan 19 urtez andereño izana zara. Irakatsi bezainbeste ikasi duzula esan ohi duzu, eta ilusio hori transmititzea duzu helburu. Bai, lortuz gero ederra da! Uste dut irakasle zarelarik, zerbait transmititu nahi duzularik, barnetik sentitu eta bizi behar duzula. Emozionatzen zaituen hori duzu errazen transmitituko. Eta albumak niretzat oinarria ziren. Haur batek irakurtzen ikasten duenean plazera hartu behar du, eta  album ilustratu bat eskuan duela hartuko du, ez lan-fitxa edo fotokopiekin. Irudimen munduan bidaiatuz loriatzea lortzen badu, mundu berri bat zabaltzen zaio, eta behin dastatuta… irakurtzen jarraituko du.

Irakaskuntzaren mundua itzaltzen hasi zen eta artista munduan murgiltzekoa piztu? Ez, ez, irakaskuntzan loriatzen nintzen. Zinez niretako, haurrak helduak baino pertsona sakonagoak dira, eta ipuinetan sartzen direnean, haiekin bidaia hori egitea zoragarria da! Artista munduan zango bat sartzen hasi nintzen idazle ilustratzaile gisa, antzerkian ere bai. Urte batzuetan bi lanbideak egin ditut, baina konpainia sortu nuelarik, hautu bat egin behar izan nuen: artista mundura salto egitea erabaki nuen.

Kiribil konpainia, 15 album ilustratu eta hamaika proiektu.  Askotan hitz bakarretik sortuak dirudite. Biziki pertsonala da sortzearena. Nirea, barnetik jalgitzen den zerbait da, hitz bat izan liteke edo ohar bat edo materia bat, edo ume ttikiek diotena. Adibidez, nire alabak lau urte zituenean bat-batean galdetu zidan: “Ama, non nintzen zure tripan izan aitzin?” Zer galdera, ezta? Olerki bat atera zen horretatik. Edo semea, berant mintzatu zen eta “kro-kra-lo” zebilela, etorri zitzaidan “Lodikroko”! Picassok zioen bezala: “Nire xedea, haur bat bezala tintatzea da”. Nirea da, haurrak bezainbat tente eta adi egotea, eta inguratzen gaituen guztiarekin loriatzea. Gaitasun hori baitute: gauza sinpleekin liluratzea. 

Literatura arloan behar adinako errekonozimendurik ba al du album ilustratuak? Ez. Historikoki bada gure gizartean oraindik ere “haurrentzako gauzak dira”, alegia, balio handirik gabekoak… Alta, kausituak diren album ilustratuak, dudarik gabe haurrei zuzenduak dira, baina helduei ere sekulako emozioak pizten dizkiete, denentzat diren arte-liburuak dira. Hala ere, uste dut gauzak aldatzen ari direla, errekonozimendua handitzen ari dela. Jendea ohartzen ari da sekulako ausardia badela haur sorkuntzetan! Frantzia da munduan haur literaturaren eramailea, bultzatzailea, eredua denentzat. Parisen egiten den haur literaturaren azoka munduko ezagunena eta aberatsena da. Euskal Herrian, eta bereziki hegoaldean, ez gara oraino maila horretan.

Nini, haur, gazte eta helduentzat sortu duzu. Adin bakoitza mundu bat, baita sortzeko garaian ere. Niniak bai, bereiziko nituzke. Haurtzaindegietan sartzen naiz askotan, eta ohartzen naiz niniekin narrazioak ez duela funtzionatzen, haiek ez dute ipuinik behar. Zentzuak pizten dituzten gauzak behar dituzte: soinuak, ukimenak, hotsak… biziki arlo berezia da. Hiru urtetik goiti, album ilustratu on bat denentzat da; haurrei zuzendua da, baina denentzat balio du. Gainera, album batzuek bi edo hiru irakurketa maila ezberdin dituzte. Azkenean, nik alderantziz hartuko nuke erronka: helduen literatura helduentzat dela, eta haur eta gazte literatura denontzat dela! Hori ulertzeko, helduek albumen munduan sartzera ausartu behar dute, eta orduan literatura honen sakontasuna dastatu dute…

Irudimen handiko sorkuntzak dituzu bai itxuraz bai maniz. Balore sakonak hitz jolasen bidez islatuz: hitzarekin jostetan, silabekin saltoka, hizkuntza dantza irudi du. Biziaren dantza, kulunkak eta alaitasuna aipatzen ditut nire albumetan. Haurrei hizkuntzaren eta artearen maitasuna transmititzeko plazera behar da, eta liburuetan, ez usaiako proposamenekin topo egin behar dute. Horregatik, musika anitz baliatzen dut. ‘Begi Blue’ liburu-kd-a adibide ona da: gure haurrak elebidunak dira, zer aberastasuna! Beraz, josta gaitezen hizkuntzekin, eta irri egin dezagun ‘xerri’ hitzak frantsesez ‘maitia’ esan nahi duela ohartzen garenean!

Baztertuak senti daitezkeenen aupagarri dira zure ipuin asko: ‘Himalayajavaputadiburrina’;  salaketak otsoen bidez, ‘Otso gosetua’.  Auto-estimuari, mundu irudimena oinarri duen munduari ateak zabalduz, esatea baino iradokitzea lehenetsiz. Nik ez ditut mezu inposatzaileak maite. Nahiago dut galderak pausatu. Mezuak hobeto pasatzen direla uste dut. ‘Otso gosetua’, esate baterako, gizarte kritika gogorra da baina hori handiek hartzen dute, ttikiek irringarritzat dute motoz ibiltzen den otso lodi hori. Haurrek ipuina bukatu eta galderak burura etortzea gustatzen zait. Haiek bidea egiteko proposamena da. 

Pasioarekin nahasten bada oraindik aberatsagoa, ateratzen dena. Pasioa behar da, nire ustez, horretan aritzeko. Ni haur literaturan loriatzen naiz. Liburu denda batera sartzen naizenean haur xokora noa zuzenean, eta plazer handia hartzen dut albumak deskubritzen.

Beti euskara oinarri? Bai. Baditugu proiektu batzuk frantsesez ere: adibidez, orain proiektu erraldoi bat dugu eskizofrenia eta autista helduekin. Han direnak frantsesdunak dira, beraz, gehienbat frantsesez dira tailerrak, baina badira beti bi edo hiru euskaldun. Esperientzia ikaragarria da. Orain erakusketa ibiltari bat prestatzen ari gara Euskal Herrian haiek sortu dituzten obrekin: zentrotik aterako dira publiko aitzinean sortu dituzten performantzeak emateko. Eta gisa guziz, modu batera edo bestera euskal kultura sarrarazten dugu bertan.

Zure ‘Lili’ albumetik hartua, filosofia sakona: “Lilik, Lili izatea lortzen du! Beti besteei plazer egiten jarraitzen du… holakoa baita Lili… baina bere plazera eta gogoak zalantzan jarri gabe!” Auto-estimua, eta besteak maitatzeko behar dugula gure burua maitatu, nahi izan dut albuma honetan agerian jarri. Ez da aski lantzen eta aipatzen gai hori umeekin, neskekin errango nuke. Emakumeek, heziketaren eraginaz edo beste, besteei plazer egiten denbora anitz pasatzen dugu, gure burua anitzetan ahantziz.

Lili edo hazi ttiki batetik nolako zuhaitzak sortzen diren… Hala da, hazi anitz agertzen zaizkigu bizian denei eta batzuetan ondotik pasatzen gara, ez ditugu ikusten, edo ez gara ausartzen hartzera. Uste dut denak garela artistak, sukaldariak, ile-apaintzaileak… Bakoitzak behar luke bere hazia aurkitu, eta garatu. Hau litzaieke gehiago erakutsi behar haurrei.

Album ilustratua beti lagun? Albumak lan tresna ikaragarriak dira. Gure lan eta tailer guztietan erabiltzen ditugu. Geroz eta gehiago ohartzen naiz album ilustratuen indarraz. Jada banekien lehen, haurrekin sentitu nuelako, baina zahar-etxeetan, gaixo diren jendeekin, gerrako errefuxiatuekin… ikaragarrizko boterea dauka.

Libanoko esperientziak markatu zaitu bereziki. Horrek ia sudur puntaraino konbentzitu nau albumaren indarraz.  Beti oroimenean atxikiko dut. Siriako mugan, akanpamendura iritsi eta denak hurbildu ziren: zahar, gazte, emazte, gizon, haur… Denak lurrean eserita, nik album bat kontatzeko, Paxkal Indo musika-tresna batekin. Albumaren lehen orria hasi, eta… sentitu genuen ber-bidaian sartu ginela guztiok: bat ginen, bat osatzen genuen, isiltasun handian, arreta ikaragarria, emozioak betan bizitzen genituen. Kondaira bukatu hurrengo irakurketa bere mezu sakonarekin ere irriz karkailka bukatu zuten denek. Alta, errefuxiatu horiek eta guk, ez dugu ber-kultura eta gure bizimoduek ez dute deus ikustekorik! Alahik ere, une magiko eta indartsua bizi genuen denok. Orduan ohartzen ziren gizakiak garela denok, elkar-lotuak garela. Nire esperientzia artistiko azkarrena izan zen.

Proiektu eta erronka berriek biziarazten zaituzte, Kiribil konpainia sortu, proiektu berriak bat bestearen atzetik… Bai, nik desafioak eta proiektuak eraman behar ditut. Artearen garrantzian sinesten dut, eta gizaki egiten gaituena dela uste dut. Horregatik, proiektu artistiko asko sortzen ditut.

Hauen artean kokatuko dugu Galtzagorri elkarteko lehendakari izateko proposamenari baietza eman izana. Erronka tentagarria. Ohore handia izan zen niretzat proposamen hori. Garai gogorra zen, konpainia bat sortzea eta kudeatzea lan handia delako, eta zalantza izan nuen… Baina iparraldeko norbaitek hegoaldeko elkarte bateko lehendakaritza hartzea erronka handia eta ederra zen. Muga barneratua zaigu, eta muga ezabatzea ere bazen. Beraz, onartu nuen, eta esperientzia ikaragarria da. Hegoalde eta iparralde artean, nahiz euskaldunak garen denok, ezberdintasun handiak badira kulturan, gizartean, haur hurbilpenaz, nola tratatzen diren umeak, irakaskuntzan, arte tailerretan… Beraz, aberastasun handia da Galtzagorrin bertan, iparralde eta hegoalde artean gure ezagutzak eta errealitateak partekatzea.

Beste mota batekoa izanik ere, Saran izan berri den Ikusi Mikusi haur literatura azokak ere marka bat uztea nahiko zenuke? Ez dakit marka uztea nahiko nukeen. Nahiko nukeena da euskal gizartea ohartzea euskal haur literatura ederra badagoela, geroz eta aberatsagoa. Orain gazte-sortzaileak agertzen dira, hegoaldean gehienbat… Eta oraino entzuten da “ez da gauza handirik haur literaturan, euskaraz!”. Hori egia zen orain 20 urte edo. Euskal kultura ahozkoa izan da eta literaturari ez diogu halako garrantzirik eman izan. Alta, liburuak biziki garrantzitsuak dira eta haur liburuak oraindik gehiago. Haur bati album bat erostea, kontakizunean berarekin zinez sartzea eta berarekin bidaiatzea… Ba al dago opari ederragorik? Albumen bitartez du haurrak bere lehen harremana artearekin. Covidarekin kultura, artea “ez beharrezkoa” kontsideratua izan da Frantzian, baina non bizi gara? Konfinatuak izan garelarik zer egin du jendeak? Musika entzun, irakurri, filmak begiratu… Orduan, nola esan dezakete kulturarik gabe bizi gaitezkeela?

Erakundeetatik zer jarrera ikusten duzu mota honetako proiektuekiko? Gai horrekiko ere ezberdintasunak badaude iparralde eta hegoaldearen artean. Galtzagorri elkartea Gipuzkoan den elkarte potentea da, eta lan ikaragarria egiten du gizarte arlo guztietan: eskolan, profesional munduan, gizartean. Errekonozitua den elkartea da, dirulaguntzak lortzen ditu, baina lurralde administratiboen mugekin: erran nahi baitu ez dugula ukanen Aldundiko laguntzarik gertaera ez bada Gipuzkoan egiten. Nola egin orduan IKUSI MIKUSI bezalako azoka? Euskal Herri osoko haur literatura azoka da hala ere. Iparraldean ere ez da erreza: konpainia asko baitira. KIRIBIL konpainiak arlo anitz ukitzen ditu: haur literatura, ikuskizunak, gaixo direnengana joaten gara, zahar etxeetara,  atzerrira ere bai. Beraz, ez gara kutxa bakarrean sartzen eta hori leporatzen digute!

Etsipena pizteko aski gai bada, beraz, eta ildo beretik frustrazio antzekoa bizitzea tokatu zaizu, Ikusi Mikusiren inguruan ‘haur bat liburu bat’ ekimena ez baita zuk nahi bezain ongi abiatu. Ideia hori Parisetik heldu da. Han sei egun irauten du azokak. Eskoletatik haurrak etorri ohi dira hiru egunez eta bakoitzari bono bat ematen zaio azokan nahi duen liburua hauta dezan. Nire ametsa zen hori egitea Ikusi Mikusin. Batzuk ikastoletakoak ziren eta, noski, familian izango dute libururen bat euskaraz; baina eskola pribatuetako eta publikoko ikasleek? Familia horietako batzuek ez dute ideia izpirik euskal kulturaz. Haur batzuentzat lehen euskarazko liburua izan zitekeen. Horretarako zen bakoitzari 15€ko bono bat eman eta berak nahi duen albuma eros zezan. Liburu batekin etxera itzultzea, eta ez goxoki batekin edo besterekin, sinbolikoki biziki azkarra da! Egin zen diru deialdia ez zen bururaino joan, baina lortutakoarekin aterabideak atzeman dira. Covidak muga berriz aterarazi duenean, haur literaturaren inguruan Sara Euskal Herri osoko jendearen elkargune!

Zure ideia izan al zen hau antolatzea? Bai, ideia piztu zitzaidan: lankideei aipatu, Sarakoak loriatu, Galtzagorrin ere dudarik ez. Ausartu behar genuen euskal haur literatura goraipatzeko, baita Euskal Herri osoa haur liburuen inguruan batzeko ere. 

Badabilkizu buruan, magia bailitzan bizia har dezakeen hazitxorik, album, antzerki, abesti… bilaka litekeenik? Bai! KRAKAPATTAK gustatzen zait eta zerbait aterako da.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments