Eneko Bidegain: “Ez dugu sekula erraiten: batua da baina gipuzkeraz idatzia da”

0

Sei hilabete pasa dira Eneko Bidegainek Bichta éder (Elkar) eleberria kaleratu zuenetik (Baiona, 1975). Orduz geroztik, han eta hemen, dela irakur klubetan edo beste, hamar bat aurkezpen eginak ditu. Oihartzun eta kritika onak jasorik, atzerapen pixka batekin erantzun die galderei. Nahiz eta oraindik segitzen duen “espoilerrik” ez egiteko gogoarekin. Badaezpada ere.

Aurkezpenetan eta, zure publikoa aurkitu duzu? Nolako interesa sentitu duzu?
Erraiten dizunean irakurle batek: “Iruditzen zait biziki ongi islatu duzula iparraldeko bizi sozial politiko hori. Biziki identifikatua sentitzen naiz horrekin”, seinale ona da. Nonbait lortu dut. Ez naiz sobera makur ibili. Inportantea da eta eskertzekoa da horrelako aurkezpenak eta irakur klubak antolatzea. Horrekin ere sozializatzen duzu literatura. Ez baldin bada antolatzen sarerik, ez baldin bada herriz herri joaten jendearengana, literatura horrek bide laburra du. Jakinez euskaraz diren liburuak beti direla marjinalagoak, behar da indar handiagoa egin, gure publikoarengana heltzeko. Eta idazle gisa termometro bat da. Ikusteko zer gustatu den, zer ez den hainbeste gustatu. Dena den ez duzu egiten ehuneko ehunean irakurleak nahi duenaren arabera. Idazlek egin behar du berak bere barnetik ateratzen zaiona. Baina balio du beti.

Liburuaren mamira sartuz, oinordeko andana baten esku den jauregi eta eremu bat asmatu eta horrek sortzen duen saltsarekin jolastu zara ororen buru?
Baldin bazebiltzan Lapurdin gaindi, ikusten dituzu jauregi edo etxe eder abandonatuak, erdi lurrean direnak… Zer da horien istorioa? Segur naiz badirela horrelako gauzak. Familia deseginak…, horren eraikitzen hasi nintzen. Bertze galdera zen: “Zer proiektu egin behar dute hor?”. Hori erabaki behar nuen. Eraiki behar duzu misterio bat. Hiru galdera sortu ziren: 1. Zer da jauregi horretan egin nahi dutena? 2. Nor dabil horren gibelean? 3. Zein zen jauregi horren istorioa eta zergatik da sakabanatua?

Zergatik nahi zenuen intriga misteriotsua?
Horrelako leku abandonatuek inspiratzen naute. Irudikatzen hastea, istorio zikin bat bilatzea.

Eta gero inkesta.
Gero hasi nintzelarik eraikitzen istorioa. Erabaki behar duzu: espekulazioari lota den proiektu bat izanen dela. Gazteluko familia sakabantu hori eraikitzeko egin behar nuen zuhaitz genealogiko bat. Behar duzu sare konplikatuago da. Beraz, zuhaitz genealogikoan joan behar zara aski gora. XIX. mende finitzeraino joan nintzen. XX. mendean izan diren gertakarien haria hartu nuen eta haien arteko loturak eraiki.

Erran beharra da fikzioa dela, pertsonaiak asmatuak direla, baina gerlak eta gertakari historikoak errealitatetik hartu dituzula.
Bai, eta agertzen diren gertakariak fikziozkoak dira baina gisa berdintsuzko gauzak egiazki gertatu dira. Dokumentazio lan bat da.

Théodore Vermandois, liburuko protagonistetako bat, 1905ean sortu zen eta 2001az hiltzen. Honekin baduzu gerla andana bat zeharkatzeko aukera. Pertsonaiak gertakari horiek liburura ekartzeko bideak dira?
Biak erran nezake. Gertakariak aipatzeko behar dituzu pertsonaiak, eta pertsonaiek eramaten zaituzte gertakarietara. Liburu bat hasi eta beti segitu nahi izatea inportantea da enetzat. Intriga bat erraza baldin bada, ti-tau finitzen da. Nahi baldin baduzu sartu labirinto batean edo oihan beltz batean, atera arte, sigi-saga batzuk behar dituzu. Sigi-sagak eraikitzen dituzu. Gero, naturalki ere egiten dituzu. Eraikitzen duzunean eskuin muturrarekin aski lotua den pertsonaia bat, laster ohartzen zara bigarren mundu gerratik Ajeriako gerrara, eta Aljeriako gerratik eskuin muturreko talde armatuetara badirela hari biziki finak eta lotuak. Izan zirela eta badirela.

Zure pertsonaietan badira jabeak, jaunttoak, boterea duten pertsonak baina badira ere sehiak, usu isilean egoten direnak, liburuan, hor dira eta, gainera, anitz korapilo desegiten dituzte. 
Entzun izan dut frankotan gertatu izan dela sehi joan zirenek zerbitzatzen zituztenengandik tratu txarrak, bortxaketak jasan izan zituztela. Jende batzuk desagertu direla zerbait larria gertatu zaielako eta lekuak hustea erabaki dutela. Hor bada klase zapalkuntza, gehi, genero zapalkuntza.

Hori nahi zenuen liburura ekarri?
Bai. Handiki horien miseria horiek erakutsi.

Eta, gainera, horiek salbatzen dute azkenean istorioa.
Ezinbestekoak dira liburuaren korapiloak askatzeko. Pixka bat bada, beharbada, haien errebantxa egiteko parada.

Intrigak, suspensea… Entretenigarria izan da zuretzat ere idaztea, ezta?
Bai, liburu bat idazteko lehenik, plazer hartu behar duzu. Jostatu.

Irakur erraza izatea helburu bat zen?
Nahi nuen liburu arin bat, 20 urteko gazte batek, liburu bat hartzeko nagia duenak, hasi eta segituko lukeena. Liburu arintzat jotzen ditugun horien osagai batzuk dituena nahi nuen, baina funtsean, liburu sakon bat. Gai sozial eta politiko andana bat ateratzen duena. Oreka hori bilatu dut.

Intriga, inkesta kazetari bati esker segitzen dugu. Mundu anitz zeharka ditzakegu horrela.
Kazetari gisa gure herriko maila intelektual handieneko jendea elkarrizketa dezakezu, politikari inpresentableena ere bai. Bazoaz manifestaldietara, off berriak badituzu, prentsaurrekoetara zoaz, harremana baduzu bertze hedabideetako kazetariekin eta komunikazio zerbitzuekin. Tentsioak ere izan daitezke. Hori guztia bizi izan dut. Ezagutu dut. Nik uste dut kazetaritzak duen ederrenetako bat, ofizio gisa, dela irekitzen dizkizula mila ate. Ene xantza izan da Baionako erredakzio ttipi batean lan egitea. Dena segitzea egokitzen zitzaidan. Pribilegio bat da. Gero, badu bere kostua. Nekea sortzen du edo sortzen ditu bestelako frustrazio batzuk, sektoreak dituen bertzelako zailtasunengatik. Baina bestenaz ofizio biziki ederra da.

Hori ere agertzen da liburuan. Ez da bakarrik gogoetatua edo salatua, ofizioaren alde onek eta txarrek eragiten dute.
Hori da. Baina gero, ez da bakarrik kazetaritzari buruz ari, protagonista ez da heroi bat. Ez nuen egin nahi, ez heroi, ez anti-heroi. Ez nuen egin nahi gizagaixo bat xantza hutsez ari zena. Ez. Nahi nuen egin pertsonaia bat, ez super kazetaria baina ez brilili bat ere. Eñautek lortzen du misterioak argitzea sortu duen lagun sareari esker. Biziki inportanteak dira Aitziber, Parisen izan zuen lagun bat, Yasmine… Ez dakit kasualitatea den baina inportanteak diren guztiak, gakoak ematen dizkioten guztiak, emazteak dira.

Nahitara?
Ez %100ean. Baina zati handi batean, bai. Argi nuen nahi nuela Aitziber biziki inportantea izatea. Hura gabe ez zen posible izanen korapiloa askatzea.

Baina ez zenuen nahi Eñaut emazte bat izatea?
Ez dut hori hainbeste gogoetatu. Ez dakit hartu dudan protagonista gizona nihaur hala naizelako. Nire lehenbiziko liburuan, Anbroxion, protagonista emaztea zen. Baina nahi nuen Eñaut izatea bere gizontasunean eroso ez den pertsonaia. Ttipitik mutiko gisa hezi gaituzte mundu bortitz batean. Izan behar zara indartsua, izan behar zara kirolaria, futbola maitatu behar duzu.

Birila.
Biril. Hori da. Eta ez dakit hala agertzen diren guztiak hala diren egiazki. Nik badakidana da anitz ez direla hala. Ez dakidana da hala agertzen diren guztiak haien intimitatean nolakoak diren. Haien barne munduak eta pentsamenduak nolakoak diren. Zein trauma dituzten. Dakidana da, baita ere, ni ez naizela sekulan sentitu eroso mundu horretan. Eta ez zait hainbeste kosta horri uko egitea. Haur nintzenean behar izan ditut trufa batzuk soportatu ez izateagatik beste mutikoak bezalakoa. Ez baldin bazara kirolaria, eta intelektuala bazara, mutiko gisa, ez da ongi ikusia. Eñautek nahi du izan lagunak bezalakoa, baina ez da. Horrek sortzen dizkio bere nolabaiteko traumak. Hori ere nahi nuen landu. Eñautek bere ageriko irudiaren eta bere zinezkoaren artean dituen gatazkak. Bichta éder izena hortik ere etor daiteke. Badu itxura publiko baten eta egiazki denaren arteko gatazka. Pertsonaia guztiek nolabait badute hori.

Liburua aitzinatu arau gerizak kenduz doaz. Etxea bezala, Belvédère izena dauka, Bichta éder, baina baita Altzugarai ere. Etxe bera da baina hiru izen ditu, hiru errealitate edo hiru egia. Pertsonaiak ere berdin. Jendeak biluzten joan zara?
Bai, nik uste dut hori dela zailena. Zure barneko intimitate hori edo pentsamendu hori azaleratzea. Hori da egiazki biluztea.

Laetitia Levallois pertsonaia emazte boteretsua da, zapaltzailea. Baina gero, irudikatzen duzu txikitan, nola bere aitak tratatzen zuen, nola bere ama desegina zen, depresioan.
Joan izan naizenean irakur klubetara, diodalarik pertsonaiak ez direla arras zuriak ez eta arras beltzak ere, ihardesten didate: “Laetitia biziki gaiztoa da”. Laetitia biziki gaiztoa da. baina Laetitiaren haurtzaroaz ari den kapituluan, egiten diot Laetitiari justizia pixka bat.

Ematen diozu humanitate puntu bat. Ez diot barkatzen bere gaiztakeria baina esplikatzen dut. Denek dute esplikazioa bat nonbait…

Zure liburuan memento batean lur eremuak saltzen eta negoziatzen ageri dira batzuk; bakoitzaren istorioaren arabera edo gaitasunen arabera batzuk diru anitz ateratzen dute, besteek deus ere ez. Familia berekoak dira baina ez dituzte jarrera berak eta horrek baditu ondorioak.
Liburuko Xalbat Barnetxe laborariaren familian aspaldi izan zuten anaien arteko kalapitarentzat inspiratu naiz kantu batean, Guk taldea 80eko hamarkadaren hasieran eman ikusgarrikoa: Geroa. Txikia nintzela ikusi nuen. Auzia zen: etxalde bat, lau anaia. Gazteenak bere partea nahi zuen Parisera joateko. Zaharrenak ezetz, Euskal Herrian etxalde ttipiak direla eta ezin ditugula desegin. Hor zen gatazka. Haserretu ziren. Baina, azken finean, anaia gaztea ongi ordaindua den lanpostu batera heldu zen eta aberastu zen. Etxaldearekin gelditu zena, hastapenean, iduri zuena gaiztoa zela, beretzat nahi zuelakoan ontasun gzutia, bizi guztian pobre egon zen. Islatu nahi nuen errealitate bat da hori.

Gazteenak ukan balu lur eremua, salduko zukeen.
Egin balute: lurra zati lau, salduko zioten promotore bati eta lur horretan izanen ziren, edo etxe indibidualak edo hotelak; edo golf bat.

Liburuan agertzen den korapiloetako bat, hain zuzen. Guk taldearen ikusgarria 80ko hamarkadaren hasierakoa da, baina segitzen du biziki aktuala izaten. 
Bai.

Idazteko moldeaz galdera bat orain. “Postrea” hitza erabiltzen duzu, eta ez “deserta”, adibidez. Beste batzuetan “asko” eta ez, “anitz”. “Deblauki” hitz ere agertzen da. Nola hautatu dituzu hitzak? Bilbotar bati “deblauki” hitza irakasteko gogoz, adibidez? Zein izan da gogoeta? Baionan handitu zara baina familiatik baduzu Baxenabarretik, azken urteetan irakasle zara Aretxabaletan, Berria egunkarian aritu zara luzaz…
“Asko”, “anitz” eta horrelako hitzetan, buruari ez diot eman buelta handirik. Ene euskara naturala, gaur egun, euskara hibrido hori da. Gogoeta ere bada. Nahi dut Euskal Herri guztiko jendeak ulertzea baina iparraldean erabiltzen diren hitz edo esaera batzuk ere promozionatzea. Horretarako sartzen duzu dosi ttipitan. “Deblauki” ez da ezaguna baina nik uste dut bertze idazle batzuek ere erabiltzen dutela. Liburu hau atera eta, anitzek azpimarratzen zuten batuaz dela baina behar dela hiztegia. Alta, Xabier Mendigurenek aurkezpena egin zuenean esan zuen liburu bakarra zela Euskal Herriko irakurle guztiak buruan zituena. Hegoaldekoek idazten dutenean iparraldekoak ahanzten dituztela. Eta iparraldekoek ere anitzetan idazten dutela arrunt iparraldeko. Hau, aldiz, oreka dela. Paradoxikoki orekaren diskurtsoa eman eta, hastapeneko elkarrizketetan anitz azpimarratzen zen iparraldekoa dela. Ez, ez da iparraldekoa. Batua da.

Ez dira ohiturak.
Ez dugu sekula erraiten, batua da baina gipuzkeraz idatzia da. Ulertzen?

Hori da nork duen boterea?
Bai. Baina azken hilabeteetan ez da gehiago azpimarratu hori. Udan jende anitzek irakurri du eta heldu zaizkidan oihartzunetan nehork ez du gehiago azpimarratzen hori.

Garaipen bat?
Bai. Nik uste dut jendeak irakurri duela eta ulertu du ulertzen dela. Hori da helburua eta horretaratu behar gara. Bestela, iparraldeko batek idazten duen guztiz hegoaldekoek azpimarratu behar badute: “Bai, baina iparraldeko hitzak badira”. Bai, bistan da. Eta bizkaitar batek idazten baldin badu Bizkaiko hitzak badira. Nik berriki irakurri dut Oihane Amantegi. Bizkaitarra da. Eta bai. Baina nik ez dut erranen: batuan da baina bizkaieraz idatzia da. Identifikatzen duzu. Ez baldin baduzu ulertzen eta nahi baldin baduzu hiztegian begiratu, begiratzen duzu eta bestenaz segitzen duzu aitzina.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments