Naroa Zubillaga: “Marlen Haushoferren obra aztertu dutenek esaten dute bere nortasuna agertzen dela bere obra guzietan”

0

Uda honetan, Marlen Haushofer idazle austriarraren Horma euskaraz irakurtzeko atsegina ukan dugu. Naroa Zubillagarekin, nobelaren euskaratzailearekin bildu gara Donostiako Tabakalerako terrazan, itzulpena, obraz eta beste hainbat gauzez solastatzeko.

Nola bilakatu zara itzultzaile?
Itzulpengintza ikasten hasi nintzelako agian. Hor hasi zen berez fundamentu gehiagorekin mamitzen itzultzaile izateko gogoa. Hizkuntzak beti gustatu izan zaizkit, baina ez nekien nola bideratu gogo hori. Unibertsitatera sartzeko urte horretan ireki zituzten lehen aldiz Gasteizen itzulpengintza ikasketak. Uste dut literatura itzultzaile bilakatzeak zortearekin zerikusi handia baduela.

Eta alemanarekiko lotura?
Itzulpengintza ikasten hasi aurreko urtean, zein hizkuntza ikasi nahi nuen ari nintzen pentsatzen. Ingelesa banekine, frantsesa gertu neukan, urrunagoko bat behar nuela erabaki nuen. Orduan hasi nintzen alemanarekin eta gero sakondu nuen unibertsitatean, ingelesa eta alemana hartuz. Erasmus bekarekin Alemaniara joateko aukera ukan nuen eta hor, are gehiago gustatu zitzaidan. Leipzigen egon nintzen eta geroagoa, ikerketa beka batekin, Frankfurten eta Berilnen.

Literatura orokorra itzultzen duzu, haur literaturako liburuak ere bai.
Ikasketak bukatuta, itzulpen enpresa batean aritu nintzen. Itzuli ere, denetarik itzuli dut, itzulpengintza arlo zabala da. Zortez edo, literatura unibertsaleko sariketa bat irabazi nuen eta Kafkaren ipuin batzuk itzuli nituen. Haur eta gazte literaturan lan gehiago egin dut, beti ere alemanetik. Ingelesetik ere bai, Chuck Palahniuken Fight Club hura, adibidez. Urte batzuk pasa ditut ezer itzuli gabe eta ilusio handia egin zidan Ereinekoak nirekin harremanetan jarri zirenean.

Nola iritsi zen Die Wand nobela hau zuregana?
Uxue Razquin, Ereineko editorea, jarri zen nirekin harremanetan, Lander Majuelok esan ziolako nik alemanetik itzultzen ahal nuela. Die Wand itzultzeko eskaintza egin zidan, epe nahiko laburra emanez, gero luzatu zen, argitaratzea ez baita beti erraza… Itzultzea proposatu zidatenean, nik ez nuen egilea ezagutzen, irakurri nuen, berezia iruditu eta gustatu zitzaidan, itzuli egin nahi nuen.

Nor da Marlen Haushofer, Hormaren idazlea?
Pertsona handia da. Austrian sortua, 1920an, eta 1970ean bertan zendua, hezurretako minbiziarekin. Bere literatur sorkuntza 50-60eko hamarkadetan garatu zen. Emakumezko idazlea, bigarren mundu gerra osteko Austriakoa. Bere herrialdean ezaguna da, baina beste idazle austriarren itzalpean geratu da. Aleman hizkuntzako idazle ezagun-ezaguna ez da, ez baita bere herrialdeko mugetatik kanpo hainbeste atera. Kostatu zaio. Berandu itzuli zen Europako beste hizkuntzetara.

Thomas Bernharden belaunaldikoa dela erran dezakegu?
Bai, ezagunak ziren eta elkar ezagutzen zuten, isolamendua baita bien gaia edo motiboa. Austriar literaturaren barruan, anti-heimat izatearen fama dute biek. Marlen Haushoferrek austriar literaturako kide izan nahi zuen. Bizitza bikoitza zeraman: familia, etxekoandrea, ama…, eta aldi berean Vienako literatur zirkuituan parte hartzeko gutizia bazuen. Tarteka joaten zen Vienara, lagunen etxean lo egin, denboralditxoa pasa eta bueltatzen zen. Idazle austriarren mundu horretan sartua zen, baina hanka bakarrarekin, etxekoandre eta idazle gisa.

Nahiz eta fikzioa den, Horma nobela bere bizitzari biziki hurbil dagoela ematen du.
Bai, nik ere horregatik irakurri dut gustura. Iruditzen zitzaidan norbait gertutik ezagutzen ari nintzela. Berak beti esan zuen literatura egiten zuela, baina, noski, bere baitako zerbait bada bere liburuetan. Obra aztertu dutenek esaten dute bere nortasuna agertzen dela bere obra guzietan. Motiboak errepikatzen dira eta bere biografiaren zatiak. daude. Horma ez da autobiografikoa, eta zientzia fikzioaren kenu hori dauka… Daniela Stirglek 2000. urtean eskaini zion biografia irakurri ondoren, bai, lagun sentitzen ditut idazlea eta narratzailea.

Haurtzaroa mendian iragan zuen.
Landa eremuan jaio zen, modu librean hezi zen sei urtera arte. Aita basozaina zuen. Mendian hazitako neska bat da. Ama katoliko zorrotza zeukan eta ursulinen barnetegi batean sartu zuen. Hor gaizki pasatu zuen, metodoengatik, bizi-baldintzengatik, goizeko seietan jaiki behar zuelako errezatzeko. Gerora ateoa izan den pertsona bat da. Txikitatik, tuberkulosia pairatu zuen. Alpeetako sanatorio batera bidali zuten osasuna berreskuratzera. Ikasle azkarra eta ona zen, aleman hizkuntzan eta idazten bereziki. Aleman filologia ikasi zuen, haurdun geratu zen, gerla hasi eta…

Dena batera.
Bai. Jaio zen umea, amak gaizki hartuko zuelakoan, lagun batzuen esku utzi zuen. Ezagutu zuen gizon batekin ezkondu eta hiru-lau urteko semea berriz hartu zuen. Gizon horrekin beste haur bat eduki zuen, ikasketak bukatu zituen. Askotan kexu zen, bzitzak, familiak, egunerokoaren zamak bere hausnarketetarako edo lan egiteko astirik uzten ez ziotelako!

Nobela honetan nonbait izkiriatzen du “bizi ahal izateko idazten dut, gauzak ez ahanzteko”. 
1963ko nobela honetako narratzaileak idazten duen egunkaria inork ez duela irakurriko suposatzen da, baina idazten du hala ere… Ez zen hau izan Haushoferren azken liburua, honen ondotik haurrentzat liburu batzuk idatzi zituelako. Horma hori aitzakia bat da, ez-leku bat sortzen du pertsonaiarentzat bere iraganaren eta orainaren artean, munduaren eta bere artean, eta mundu horretan bizidunik ez dago.

Kokatzeko erran dezagun, horma ikus eta hauts ezin hori gau batez altxatzen dela!
Bai, hormaren bestaldeko bizitza guzia deusestatzen da. Batzuen arabera, gerla hotzaren garaiko beldurren irudikapena izan liteke. Idazleak, bere aldetik, esaten du hormaren motiboa beti egon dela bere bizitzan, denok altxatzen ditugula hormak. Ez da politikoa nire ustez, gehiago da emozionala… Marlen Haushofer emakume isila omen zen, lotsatia, eta berak modu batera pentsatu arren, ez zen ausartzen horrela bizitzen. Horma nobela lortzen du.

Bi urtez bederen ehiza-etxola batean eta mendia bizi da narratzailea, lurra landuz, abereak zainduz… bere egunerokoa idatziz. Ez dut spoilerrik eginen, baina modu arraro eta gogor batean bukatzen da.
Hor ere muturreko ekintza bat egiten du, bere bizitza errealean inoiz egingo ez lukeena, baina beharbada gogo hori bazeukan. Austrian, 1951n alemanez argitaratu zen Simone de Beauvoirren Bigarren sexua irakurri zuen behin baino gehiagotan, hasi eta buka, asko barneratu zuen. Bere alea oharrez betea dago. Virginia Woolf ere asko maite zuen. Barneratua zeukan emakumeak bere lanerako gela bat behar zuela, bere artea adierazteko. Baina bere bizitzan ez zuen inoiz gela propiorik ukan. Eskuz idazten zuen, sukaldean, goizean goiz edo libre zituen momentuetan. Bizitza paraleloak bazeramatzan, nahi bai, bain gero ezin gauzatu.

Eleberrian zehar beti ikusten ditugu nahi eta ezin horiek.
Bai, narratzaileak bere alabei, bere aurreko biziari pentsatzen du, eta guziak modu negatiboan ikusten ditu. Badaki inor ez zaiola etorriko laguntzera eta sufritzen du. Maitasun handikoa da. Maitasunak toki handia dauka nobela honetan. Behar du beti norbait zaindu, animaliak ditu eskumenean, lanak salbatzen du, zaintza lanak. Orduek, sasoiek, betebeharrek markatzen dute bere bizia.

Zientzia-fikzioaren eta ekofeminismoaren ildotik berriz deskubritzen dugun lan berezia da.
Gaur egun, ekologiatik eta feminismotik begiratzen zaio Hormari. Baina literaturan adituek, gehienbat, isolamenduaren bakartzearen aldetik aztertzen dute. Nik isolamendu behar hori feminismoarekin eta emakumearen premia sakon batekin lotuko nuke. Nobelan ekologiaren haria badago, mundua zer den, natura… Emakume honen bizitza natura oso presente dago, bere pentsamenduak pisu handia dute, bere izaerak, bai eta maitasunak ere. Bakarrik egoteagatik baztertuta sentitzen da, baztertuek daukate gaitasun handia maitatzeko edo maitasuna identifikatzeko. Bukaera oso polita da, baztertzen duten bele-zuriarekin dago; txakurra eta zezena hil ondoren, aitzakia ematen dio norbait maitatzeko eta zaintzeko. Oso feminista da hori, batzuek esaten duten arren bera ez dela feminismoa predikatzen ari, ideiak ez ditu aplikatzen, baina, hain zuzen ere, bere obran ageri dira.

Jakintza handia dauka naturari buruz.
bai, gauza asko ezagutzen zituen: animaliak, animalien zaintza, aratxearen sortzea, babarrun ereitea eta belar egitea… Anaiari laguntza eskatu zion, zuhaitz eta landareen izenei dagokienez. Anaia basozaina zeukan, bere aita bezala. Landari lotua izanagatik, aitortzen zuen ez zela bizitzen ahal liburuetatik eta liburutegi batetik urruti. Esaten da Marlen Haushoferrek zientzia-fikziozko obra batzuk irakurtzen zituela, gero lagun baten semeari gomendatzen zizkionak. horietako bat Kristalezko Kupula zen, aski ezaguna. Die Wand-en lehen bertsioa, jasota dago, Die gläserne Wand edo Kristalezko Horma titulatzen zen.

Narratzailearen bizitzaren gogorra nabaritzen da Horma-n, baina goi-larreetara lekuz aldatzen denean, pizten da halako paradisu sentsazio bat, mistikotasuna, edertasuna, libertatea.
Narratzaileak berak aipatzen du goi-larreetan lasaitu egiten dela, arriskutsua den lasaitasun bat sentitzen duela, gehiegi jan gabe, airea arnastuz; bakarrik bizi da, beste pentsamendu batzuekin. Bi mundu bereizten ditu zehazki, goi-larreak eta ehiza-etxea, azken hau mundutarragoa dela. Ezbeharra hain justu bere paradisu horretan gertatzen da. Ez da kasualitatea agertzen dena gizonezkoa izatea. Gizonezkoari zilegitzen zaion misoginia azaltzen du hemen, nahiz eta bere lehengusinari buruz ere ez duen deus onik esaten. Ez du mundu kontsumistarik ere nahi, arbuiatzen du dena. Kotxeen industriari buruz tirada luze bat badu, uste dut berak ez zuela gidatzen… Nobela horretan daude hain gaurkoak diren kritika horiek orok.

Abereak aipatzean, LLuchs zakurrarekin duen harremana humanoa da.
Bai, eta zakurra arra da. Zakurrak ez zituen maite, katuak garrantzitsuak ziren beretzat. Behia –emea–, katua –emea– eta bera dira salbatzen direnak. Biziraute gerra bat da, bizi nahi du, ez du hil nahi, exitentziala da. Eguraldiaren presentzia ere izugarria da. Pello Zabalaren Naturaren mintzoa liburua arakatu nuen euri eta haize izenen bila, zinez interesgarria enetzat.

Azken hitz bat?
Espero dut irakurleari ere niri bezainbat gustatzea, nobela berezia eta aberasgarria delako, gure munduaz pentsatzeko aukera ematen duelako.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments