Mariasun Landari (Errenteria, 1949) Rosalía de Castro saria eman berri diote Ourensen. Zorte ona duela dio, eta hil baino lehen errekonozimenduak jasotzen ari dela. Ibilbide oparoa du, haurrentzako eta gazteentzako literaturan 20 titulutik gora argitaratu baititu 1982an Kaskarintxo eta Amets uhinak kaleratu zituenetik. Bere liburuak hainbat hizkuntzetara itzuliak izan dira, besteak beste, katalanera, galizierara, gaztelaniara, ingelesera, frantsesera, grezierara, bretoierara eta albanierara.
Kritikaren arabera, errealismo kritikoari sarrera eman zion 1983. urtean Txan fantasma argitaratu zuenean, haur literatura modernoari ateak zabalduz. Urteek aurrera egin ahala eta beste hainbat lan argitaratu ondoren, minimalismoaren barruan ere etiketatu dute bere lana. Etiketa horien guztien erdian, ordea, Mariasun Landa dago, haurtzaroa sorburu duelarik, etengabe lanean, idaztea borroka eta erronka bezala ulertuz. “Liburu bat bukatzen duzun bakoitzean beti gelditzen zaizu nostalgia puntu bat idatzi nahi zenuen horrekiko, inperfekzio sentsazio bat, ez dakit benetan pentsatzen nuen bezain ondo idatzi dudan pentsatzea. Eta hori oso garrantzitsua da, bestela ez baikenuke idazten jarraituko. Kontent ez egote puntu horrek etengabe saiatzera eta jarraitzera eramaten zaitu”. Erronka Landarentzat norberak aurrera egiteko modu bat da, bakoitzak lanean jarraitzekoa.
“Benetako aberria haurtzaroa dela esaten da batzuetan eta hau oso definizio polita da”, dio Landak. Bere ustez, haurtzaroan, emozionalki behintzat, modu intenso batean bizi gara mundua deskubritzeke baitago eta urteek aurrera egin ahala txikitan izan garen bezalakoak izaten jarraitzen dugu beti. “Aldatu egiten gara, noski, egoera ezberdinetara moldatuz, baina funtsean izan ginen haur horiek gara”. Bada beste topiko bat Mariasun Landarentzat bere garrantzia duena, ume bat daukagula barruan esaten denean, hain zuzen ere: “badago gure baitan zerbait umetasunarekin lotuta dagoena, onerako eta txarrerako. Onerako, irudimenerako, jolasmenerako, eta nire kasuan istorioak asmatzeko”. Halere, horrek ere bere alde txarrik badu, gizartean bai baitaude pertsona asko ume hori mantentzen dutenak txarrerako. “Heldu askok jokabide oso infantilak dituzte”.
Haurtzaroa eta nerabetasuna beti izan dira oso gai literarioak eta ez soilik haurrentzako literaturari erreparatuz gero, gai horren presentzia garrantzitsua izan baita hainbat egileren artean. “Idazle handietan ere etengabe aurkituko duzu haurtzaroaren gaia. Azken finean, eraikin baten oinarria da eta hortik edateko joera dago”, dio Landak. Bere kasuan, gainera, berezko arrazoi horiez gaindi, beste arrazoi praktiko batzuk ere zerikusia izan zuten haurrentzako literatura idazten hasteko erabaki horrekin. “Nik Parisen filosofia ikasi nuen eta handik bueltan, 1973an, artean Franko bizirik zegoela, euskara ikasi nuen. Horretarako etxabe batean zegoen ikastola batean sartu behar izan nintzen, Zarautzen. Ez zegoen materialik, nire ikasleek ez zuten apenas ezer irakurtzeko, eta orduan ikusi nuen nire burua inoiz pentsatu ez nuen zerbaitetan: haurrentzako idazten”.
Mariasun Landarena gerra ondorengo haurtzaroa izan zen, egungoarekin alderatuz gero, oso ezberdina. “Nire haurtzaroak belaunaldi bati dagozkion ezaugarriak ditu: etxean euskara jakin bai baino hitz egin ez, errepresio handia, etxeko giroa galtzaileen giroa zen eta erlijioak sekulako garrantzia izan zuen gure heziketan edo mundua ikusteko gure eran”. Dena den, belaunaldi horretako beste ezaugarri garrantzitsu bat izan zen bizitu zuten errealitatearen aurrean izan zuten gauzak aldatzeko gogoa ere. “Hegan egiteko gogoa sentitzen genuen eta gauzak aldatzeko grina. Bakoitzak bere moduan hartu zuen zezen hori adar batetik edo bestetik”. Balio finko horietan oinarritutako heziketa soil hori gero kuestionatu egin zuten, beraz, eta horregatik dio Landak egun disfrutatzen ditugun eskubide asko irabaziak direla. “Unibertsitatean irakaskuntzan eman ditudan 23 urteetan egungo neska-mutilekin hartu-eman estua izan dut eta hauei beti esan diet errekonozimendu bat izan behar dugula gure aurrekoentzako”. Halere, urte hauetan guztietan egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa erabat aldatu den arren, umearen figurari erreparatzen badiogu, garai hartako haurtzaroa eta gaur egungoa alderatuz gero ume soila gelditzen da: “umetasun hori berdin mantentzen da”.
Filosofia eta literatura uztartuz
Mariasun Landak hausnarketarako joera izan du beti eta horrek bultzatuta filosofiako ikasketak egin zituen Parisen. “Orduan nahiko erromantikoa eta inozentea nintzen, pentsatzen bainuen funtsean filosofiak bizitzaren zentzuaren bilaketa horri erantzungo ziola”. Unibertsitatean, ordea, beste errealitate batekin egin zuen topo, matematikak eta logika matematikoak ikaragarrizko garrantzia baitute ikasketa hauetan. Nietzsche asko estimatu zuen urte horietan, bere ustez literarioena delako. “Oso diskurtso ederra dauka, sakona baina aldi berean irakurtzeko oso atsegina, Hegelekin konparatzen badugu, adibidez”. Hizkuntza eta literaturaren inguruan lanean aritu den arren, bere ipuinetan filosofia zantzuak erraz azaltzen dira. “Nire ipuinetan konturatu gabe edo konturatuta askotan ateratzen zaizkit sagu filosofoak, edo badago beti pertsonaietan filosofatzeko joera: bizitza zertarako da? Zer da bizitza, bada? Edo Galtzerdi suizidak esaten duenean atzokoa joan da eta biharkoa ez dakigu, gaurkoa opari da…”. Halere, bere joera filosofiko horri pixka bat barre egiten diola dio.
Irakurtzen dugun horrekin sentitzen dugun identifikazio mailari dagokionez, bere ustez, irakurle baten bizitzan haurtzaro garaia baino intensoagorik ez dago. “Horren partez, orain liburuak niregan sortzen duena admirazioa da. Heldua zarenean hoztasun gehiagorekin irakurtzen duzu, ikuspuntu kritiko batez, nola dagoen idatzita aztertuz”. Bere kasuan idazketa beti egon da irakurketarekin lotuta. Haurra zenean bederatzi edo hamar urterekin Las aventuras de Tom Sawyer liburua irakurri zuenean liluratuta gelditu zen. Hamalau urterekin Martin Vigil deskubritu zuen eta La vida sale al encuentro pasioz irakurri zuen. Urte batzuk geroago beste idazle batzuk izan dira espazio garrantzitsu bat bete dutenak, Simone de Beauvoir, esaterako. Hau, Parisen ikasten ari zenean, Jean Paul Sartrerekin batera intelektualtasunaren eredu izan zen, ezkondu eta etxekoandre izan nahi ez zuten neska gazteentzat. “Ikasle garaian dena irakurri nuen: eleberriak, saiakerak… orain nobelak, adibidez, ez nituzke irakurriko, baina Bigarren sexua oraindik ere niretzako oso liburu ona da”. Autore klasikoekin jarraituz, Virginia Woolfek ere bere garrantzia du Landarentzat. “Norberaren gela behin baino gehiagotan irakurri dut eta gero eta zuku gehiago ateratzen diozun liburu horietako bat da”. Gainera, liburu bera bizitzako une ezberdinetan irakurriz gero irakurketa ezberdinak egiten direla dio. “Madame Bovary, esaterako, hiru aldiz irakurri dut nire bizitzan, baina hiru irakurketa zeharo ezberdinak izan dira”. Landarentzat ezinbestekoak izan diren beste idazleen artean Julio Cortazar ere aipatu behar da, Historias de cronopios y famas liburuak bere garrantzia izan baitzuen narratiban, baita Italo Calvinoren Seis propuestas para el nuevo milenio lanak ere. Frantsesez emakumeen literatura ere asko irakurri du Landak eta sailkapen honen barruan liburu bat aipatu beharko bagenu Marie Cardinal-en Les mots pour le dire izango litzateke.
Mariasun Landari interesatzen zaion literatura “bisturi literatura” da, fintasun eta ironia handiz dena destripatzen joaten dena. “Alice Munroren ipuin bat irakurtzen hasten zara eta badirudi ez dela ezer gertatu, eta horixe gertatu dela. Era horretako literatura gustatzen zait, pertsonaien erraietan bisturiarekin sartzen dena eta modu oso finean analisi psikologikoak egiten dituena”.
Ipuin klasikoen garrantzia
Ipuin klasikoak ere gertutik aztertu ditu bere irakasle lana dela eta. “Bere jatorrizko bertsioan izugarri politak dira. Txanogorritxu-k niretzako ipuinik perfektuena izaten jarraitzen du. Azkenean esaten duena da, kontuz neskak gizonen sexualitatearekin. Baina modu sinboliko batez kontatuta dago. Sinbologia hori herri desalfabetizatu bati dagokio eta umeak mundu horretatik oso gertu daude, eta sumatzen dute hor kontatzen den istorioak baduela transgresioa. Ahozko literaturako ipuin batzuk diamanteak dira”. Txanogorritxu, Erpurutxo, Mari Errauskin… ipuin horiek ahozko tradiziokoak dira, gero idatziz jaso dituztenak. “Bitartean beste ipuin asko galdu dira, baina hauek ehunka urte iraun dute zerbait oso garrantzitsua kontatzen dutelako. Adibidez, Mari Errauskin-en bertsio asko jaso dira bai Mendebaldean, bai Ekialdean eta horrek esan nahi du ipuin unibertsala dela, kultura guztietarako balio duela”. Ipuin hauek, finean, gai fuerteak jorratzen dituzte, izan ere sentimenduen mundua haurtzaroan oso gauza delikatua da. “Umeek guk baino gehiago sentitzen dute, baina ez dira gauza hori guztia adierazteko. Nire ustez haur eta gazte literaturaren erronka garrantzitsu bat da nola aipatu daitezkeen gai garrantzitsuak ahalik eta errekurtso linguistiko gutxienekin, ahalik eta modu gardenenean”.
Haur eta gazte literaturaren beste erronka bat umeak irakurle diren heinean ahalik eta independente eta kritikoenak osatzen saiatzea da Landaren aburuz, eta ez niniak bezala tratatzea. “Helduen aldetik badago babes sentimendu ez oso zuzena niretzako. Gurasoek umeak babestu nahi dituzte, pentsatzen dute, ailegatuko zaie gero gaizki pasatzeko momentua, errealitatea ezagutzekoa, egi gordina jakitekoa. Orain mantendu ditzagun ahalik eta goxoen”. Halere denboran atzera egiten badugu, orain dela gutxi arte haurra tribuko kume bat zela dio, edozein unetan hil zitekeena eta gizaki kategoria hartzen ez zuena gazte izan arte. “Gaur egun bizimodu happy bat erakutsi behar zaie, baina zenbaitek jada alarma jo dute ze ume egiten ari garen esanez”. Horregatik bere ipuinetan fantasia, umorea eta xamurtasuna uztartzeaz gain, errealitatea ere aipatzea gustatzen zaio, ezkutatzen zaien hori pixka bat azaltzea, haurrak ez direlako niniak bezala tratatu behar.
Aurrera begira
Mariasun Landa duela 35 urte hasi zen idazten eta bolada luze batean irla sentitu zen, outsider zentzuan, sistematik kanpo; baina azkeneko urteetan gauzak asko aldatu dira. “Idazle gehienak Ipuin klasikoen garrantzia Ipuin klasikoak ere gertutik aztertu ditu bere irakasle lana dela eta. “Bere jatorrizko bertsioan izugarri politak dira. Txanogorritxu-k niretzako ipuinik perfektuena izaten jarraitzen du. Azkenean esaten duena da, kontuz neskak gizonen sexualitatearekin. Baina modu sinboliko batez kontatuta dago. Sinbologia hori herri desalfabetizatu bati dagokio eta umeak mundu horretatik oso gertu daude, eta sumatzen dute hor kontatzen den istorioak baduela transgresioa. Ahozko literaturako ipuin batzuk diamanteak dira”. Txanogorritxu, Erpurutxo, Mari Errauskin… ipuin horiek ahozko tradiziokoak dira, gero idatziz jaso dituztenak. “Bitartean beste ipuin asko galdu dira, baina hauek ehunka urte iraun dute zerbait oso garrantzitsua kontatzen dutelako. Adibidez, Mari Errauskin-en bertsio asko jaso dira bai Mendebaldean, bai Ekialdean eta horrek esan nahi du ipuin unibertsala dela, kultura guztietarako balio duela”. Ipuin hauek, finean, gai fuerteak jorratzen dituzte, izan ere sentimenduen mundua haurtzaroan oso gauza delikatua da. “Umeek guk baino gehiago sentitzen dute, baina ez dira gauza hori guztia adierazteko. Nire ustez haur eta gazte literaturaren erronka garrantzitsu bat da nola aipatu daitezkeen gai garrantzitsuak ahalik eta errekurtso linguistiko gizonezkoak ziren eta beste ikuspuntu bat zuten, eta beraien arteko sareak eta umorea, nik konpartitzen ez nituenak. Bakardade onartua zen, eta ez dakit noiz, beharbada Sari Nazionala eta gero, jende asko eta leku askotakoa ezagutzen hasi nintzen eta hurbilago sentitu naiz sistema literariotik, baita errekonozituagoa ere”.
Idaztea Mariasun Landarentzat bizirik egoteko modu bat den heinean, ez du bizitza beste modu batetan imajinatzen. Hainbat sari jaso ondoren (Lizardi Saria 1982an, Gazte Literaturako Euskadi Saria 1991an, Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literatura Sari Nazionala 2003an, 2008an Andersen Nazioarteko Saria irabazteko hautagaia izan zen, 2011an Dabiden Elea jaso zuen), eta 2007an argitaratutako eleberri autobiografikoa eta gero (La fiesta en la habitación de al lado), antologia bat prestatzen ari da orain, urte horietan guztietan emandako hitzaldiekin eta idatzitako artikuluekin, adinarekin sumatzen den beharra dela azalduz. “Artikuluak ere dezente landu ditut. Asko ipuinak bezainbeste kostatu zaizkit, artikulu luze eta sakon batek lan handia eskatzen baitu”. Duela bi urte erretiroa hartu zuen arren, unibertsitatearekin lotura mantentzen du. Ohorezko kolaboratzailea da eta astean behin joaten da unibertsitatera. “Beti ibiliko naiz idazketaren inguruan”.