Arrarotasuna zizelkatuz

0

Joan den urtean Ainara Azpiazuk (Hernani, 1980) eta Paula Estévezek (Donostia, 1984) Etxepare Saria irabazi zuten Arraroa album ilustratuarekin. Orduz geroztik, Azpiazuk tiraderan dauzkan proiektu horietan gehiago sinesten duela dio. “Poz handia eman zidan. Ez dut espero orain inork deituko didanik idazle bezala, baina sinesten dut albumak sor ditzakedala testuen aldetik ere”. Paularen ustez errekonozimendua suposatu zuen sariak. “Nik egiten dudana, egia esan, oso espezifikoa da eta album ilustratuetan ez da asko ikusten, normalean ez dudalako haurrentzat lanik egiten”.

Arraroa topikoen aurkako album ilustratua da, aurreiritzien gainean pentsatzeko lekua uzten duena”, Estévezen hitzetan. “Gonbidapen bat ere bada, mundua eta ondokoa nola ikusten dituzun planteatzeko”, dio Azpiazuk. “Eta zer den arraroa eta zer ez. Edo non hasten den zerbait arraroa izaten eta non uzten dion zerbaitek arraroa izateari”.

Galtzagorriren deialdi batekin hasi zen Estévezek eta Azpiazuk elkarrekin egin duten bidaia hau, azken honek azaldu duen bezala. “Etxepare Sariarena album ilustratuak sortzeko deialdia izan zen, eta aurkeztu zintezkeen ilustratzaile bezala, idazle bezala, edo bikotea egin zenezakeen eta ilustratzaile-idazle bikotea osatuta bidali”. Une hartan Azpiazuk bi proiektu zeuzkan bi idazlerekin, ilustratzaile bezla, baina bataren eta bestearen ezezkoaren aurrean berak idatzitako eta ilustratutako mikroproiektu batzuk oinarritzat hartzea erabaki zuen deialdian aurrera egiteko. Irudiaren mundua da berea, baina kategoria batean soilik aurkez zitekeenez, idazle bezala aurkeztea erabaki zuen. “Testu bat bidali nuen, A4 batean sartzen zena, Arraroa bezalakoa, oso laburra, eta hautatu egin zuten. Antolakuntza bikoteak osatzeaz arduratu zen, banaka aurkezten ziren ilustratzaile eta idazle horiek beraiek elkartzen baitzituzten. Hor hasi zen Azpiazu eta Estévezen arteko elkarlana.

Ilustratzailearen espazioa zainduz
“Elkarrekin osatu genuen albuma”, dio Estévezek. “Ainarak bidali zuen testu hori gero ez genuen landu, beste batekin hasi ginen”. Ondoren, antolakuntzak gai baten inguruan lan egitea proposatu zien, Azpiazuk adierazi bezala. “Buelta batzuk eman genizkion eta ohartu ginen bioi interesatzen zitzaigula arrarotasuna lantzea. Ideiak botatzen hasi ginen, gai horren harira lan genitzakeen egoeren inguruan, testuan edo irudian joango ziren oraindik erabaki gabe. Eta gero zehaztu genuen zer esango zuen batak eta zer besteak”.

Beraien kasuan erabaki hori nahiko erraza izan zen. “Nik hartu nuen testua txukuntzearen ardura eta Paulak irudi guztiak egitearena”, azaldu du Azpiazuk “Nik uste momentu hartan hitz egin genuenarekin egitura oso markatua geratu zelaeta biok gauzak egiten ditugunez erraz joan zela: nik banekien zein zen nire tokia eta zer espazio utzi behar nion berari”. Izan ere, irudiaren eta testuaren arteko elkarrizketa horretan, idazleekin lan egiten dutenean elkar ulertzea askotan ez dela hain erraza azpimarratu du Azpiazuk. “Oso erraza dirudi, baina ez da horrela, normalean topatzen ditugun idazleak ez baitaude ilustratzera ohituta”. Estévezen aburuz, idazle askok ez dakite ilustratzaileari behar duen espazioa uzten. “Batzuetan idazleek detaile gehiegi sartzen dituzte testuan, eta gero ilustratzeko garaian zuri ez dizute hainbeste askatasun ematen”.

Bai Estévezek bai Azpiazuk album batean testuak irudiari espazioa utzi behar diola diote. “Horrela da definizioz”, dio Azpiazuk. “Album bat horrela sortzen den zerbait da. Irudiak kontatu egiten du. Ez du kontatzen testuak kontatzen duena bakarrik”. Batak beste osatu behar du Estévezen ustez. “Irudia ez da errepikapen hutsa. Marrazkiak ezin du testuaren deskribapen hutsa izan, bien artean nolabaiteko elkarrizketa egon behar du”.

Koloreei dagokienez, azalean azaltzen den anil horrekin batera, kolore biziak dira protagonista. “Nik askotan horrelako koloreak erabiltzen ditut, kolore biziak, nahiko lauak, eta beharbada lan honetan ere koloreek garrantzia daukate, bai baitute puntu arraro bat”, dio Estévezek. “Ez dira album ilustratuetan ikusten diren ohiko koloreak. Urdina, beltza, gorria…, kolore oso biziak dira”.

Azpiazuk marrazkilari bezala kolore aldetik denetik erabiltzen duela azaldu du. “Albumetan azkenaldian asko erabiltzen dut akuarela, eta horrek gamak asko aberastea dakar. Dena den, boladak izaten ditut”. Koloreak aukeratzeko orduan lanak zerikusi zuzena duela dio Estévezek. “Lanean ikusten duzu zer doan ondo zerekin. Niri kontrasteak asko gustatzen zaizkit, eta normalean horretan saiatzen naiz, baina agian beste lan batzuetan ez duzu horrenbeste kontraste behar. Lan batzuek bi kolorerekin bakarrik funtzionatzen dute eta horrela transmititzen dutena ongi egiten dute. Koloreen erabilera ezberdina izan daiteke”.

Bi ilustratzaile, bi bide
Ainara Azpiazuk eta Paula Estévezek Arte Ederrak ikasi zituzten, nahiz eta bien kasuan fakultate horretara iristeko bidea ezberdina izan, Azpiazuk lehenengo Soziologia ikasi baitzuen. “Arte Ederrak ikasi nahi nituen, baina etxean trabak jarri zizkidaten”. Soziologia ikasketak amaitu ondoren bulego batean hasi zen lanean soziologo bezala, ikerketak egiten. “Pentsatu nuen soziologo bezala lana aurkitzea ere ez zela gauza erraza eta hori lortu banuen saia nintekeela artearen munduan zer edo zer egiten ere, oraindik gaztea nintzelako”. Hala, 22 urterekin Arte Ederrak ikasten hasi zen. “Lehenengo hiru urteak egin nituen. Izan ere, Arte Ederretara asmo oso zehatz batekin joan nintzen, baina nahi nuen hura ez nuen han topatu. Hiru urte horiek oso esperimentalak izan ziren; nire burua aurkitzera baino, galtzera ninderamaten gauzak ikasten nituen”. Bere asmoa komunikatzea helburu zuen marrazkia sortzea zela garbi zuen. “Beharbada oraindik ez neukan hain argi ilustratzaile edo komikigile izan nahi nuen, baina banekien bestearekiko harremana bilatzen nuela, eta zentzu horretan unibertsitatean egindako hiru urte haiek ez ninduten batere ase”. Urte haietan argazkia ere asko landu nuen, argazkilaritzako klaseak hartuz eta zenbait sari irabaziz. Baina marrazkiaren eta argazkiaren artean, marrazketan sakontzea erabaki zuen azkenean. Ondoren, bizpahiru urtez ibili zen estatuan kurtsoak egiten.

Kolaborazioak egiten hasi zen Azpiazu pixkanaka, eta 2008. urtean bere enpresa sortu zuen, enkargu asko baitzeuzkan. Orduz geroztik horretan dihardu. Orain album ilustratu bat bukatzen ari da eta martxoaren 8rako kartel pare bat egin ditu. Horre gain, betiko kolaborazioetan ere badihardu: Irrien lagunak, Gaur 8… Paularekin komiki bat sortzen ere ari da, modu autogestionatu batean. “Nik enpresa sortu nuenean ikusi nuen ilustrazioak egitetik soilik ezin nintzela bizi, eta euskarriak ezberdinak izan zitezkeela konturatu nintzen. Horregatik egiten ditut muralak, egiten dut komikia eta egiten dut ilustrazioa, nahiz eta oso erregistro ezberdinak izan”.

Paula Guillotina autoedizio topaketen sortzaileetako bat da. 2014an antolatu zuten leheneno topaketa Donostiako eta inguruko sortzaile eta editorial txiki independenteen lana ezagutaratzeko. Orain Komikigunean jartzeko Euskal Herriko autore ezberdinen erakusketa ziklo bat ari da prestatzen. Batxilergo artistikoa amaitu eta gero jo zuen Paulak Arte Ederretara. “Txikitatik marraztea gustatzen zitzaidan, ilustrazioa, batik bat. Unibertsitatean, Ainarak aipatu duen bezala, zure burua gauza pila bat egiten ikusten duzu: eskultura, argazkigintza, diseinua… zuk diziplina horiekin loturarik izan ez arren”. Azkenean argazkigintza eta ikus-entzunezkoetan egin zuen espezialitatea, momentu hartan ilustraziokorik ez baitzegoen.

Karrera amaitu zuenetik milaka lan egin ditu. “Denetarik egin dut, baita lanik arraroenak ere, eta orain ilustrazioan ari naiz lanean, baina aldi berean Balentziaga museoan dihardut gidari bezala”.

Artea: bizitza guztian sakontzeko gaia
Koloreen eta irudien inguruan mintzatzen hasita, ilustrazioaren mundua amaiezina izan daitekeen zerbait dela diote biek. “Hau dena oso zabala da”, dio Azpiazuk. “Askotan pentsatzen dut honekin bizitza baterako ez, lau bizitzetarako daukadala. “Hasten zara aztertzen marra, marra egiteko moduak, edukiak transmititzeko koloreak, kontrasteak, monokromoa… Bizitza guztian sakontzen gaia badaukat”. Artearen mundua ere oso zabala dela dio. “Nik dakit artea niretzat zer den. Artea maiuskulekin nagi pixka bat ematen didan zerbait da. Gauza da hitz hori oso kutsatuta ikusten dudala… Uste dut Arte Ederretan hitz horrez gainezka eginda bukatu nuela”. Artista bakoitzak, finean, artearen inguruko bere definizioa du, eta Azpiazurentzat artea gizartearekin komunikatzea da. “Oso ongi ulertuko nuke, ordea, beste norbaitek beste definizio bat emango balu. Baina nire ustez oso garrantzitsua da feedback hori, jendearengana iristea”. Mezuak ere bere garrantzia du Azpiazurentzat. “Mezu bat izan behar du arteak: izan daiteke nire burua adieraztea, edo sentimendu baten bitartez pertsona batekin konektatzea eta hori artearen, edo ilustrazioaren edo komikiaren bidez egitea. Sentimenduzko lotura hori egitea, alegia”.

Paula Estévezek, aldiz, ez du uste arteak derrigorrez mezu zehatz bat eduki behar duenik. “Askotan artea esperimentazio formal batetik ateratzen da, eta zentzu bat eduki dezake, zerbaitek eraman baitu autorea hori horrela egitera. Zentzu hori ikusleak ulertzean mezu bihur daiteke, edo ez”.

Proiektuz beteta
Bai Ainarak bai Paulak proiektu bat baino gehiago dituzte eskuartean aspalditik. “Duela zazpi urte inguru nobela grafiko bat hasi nuen, hor daukat oraindik”, adierazi du Azpiazuk. “Eta gero badaukat nik idatzitako album baten proiektua. Horrez gain, bi idazlerekin pixka bat ataskatuta gelditu diren proiektuak ere hor daude, azkenean, argitaletxe baten presiorik ez daukazunean neurri batean atzean gelditzen direlako”. Paulak bere proiektuen artean baditu bi nobela grafiko, gustura egingo lituzkeenak. “Denbora asko behar duzu horretarako. Pixkanaka ari naiz egiten”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments