1972an Tolosan jaioa, gidoilari, zuzendari eta ekoizlea da; zineman aritua batez ere, baita antzerkian eta telebistan ere. 2011n IZAR Films ekoiztetxea sortu zuen eta ‘Agur Esatea’, ‘Muga Deitzen da Pausoa’ eta ‘Non dago Mikel?’ bezalako lanak ekoitzi ditu azken urteetan.
Honakoa da bere HIRUKOA:
GERRA TXIKIA. Lander Garro (Susa, 2014)
Errefuxiatua da Xabi Ugarteren aita. Hiru seme-alabak trenean sartu ditu amak 1983ko urriko goiz batean eta, muga igaroz, aitarengana joan dira Hendaiara, zalantzez beteta, ohiz besteko lekuan bizi beharko dutelako aurrerantzean, baina oraindik ohartu gabe gerra giroa datorrela etxeraino. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua.
MOIO – GORDETZEA EZINEZKOA ZEN. Kattalin Miner (Elkar, 2019)
Zein da neurri ona gertakari batetik distantzia hartu ahal izateko, baina oraindik gertakariak fresko mantentzen direla ziurtatzeko? Noiz igarotzen da ‘gertatu berria den zerbait’, ‘gertatu zen hura’ izatera? Eta, beraz, noiz hitz egin ‘gertatu zen hartaz’?”. Halakoak galdetzen dizkio Kattalin Minerrek bere buruari liburuaren atarian, hamar urte lehenago hil zen Aimar Elosegi Ansa “Moio” bere lagun minaz oroitzean. Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer geratu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erdietsi zituen kasua?
BIHOTZ HANDIEGIA. Eider Rodriguez (Susa, 2017)
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.