Karmele Jaiok irabazi du 2019ko 111 Akademiaren Saria

3

AKADEMIAKIDEEK ‘AITAREN ETXEA’ ELEBERRIA SARITU DUTE. EZOHIKO EGOERA DELA ETA, AURTEN EZ DA JENDAURREKO SARI-EMATE EKITALDIRIK EGINGO

111 Akademiak Karmele Jaiori emango dio 2019ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Jaioren Aitaren etxea eleberria izendatu dute 2019ko libururik gogokoen. 201 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietatik 114k hartu dute parte 2019ko sariduna izendatzeko 2020ko urtarrila eta apirila bitartean buruturiko hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Jaioren eleberria izan da bozkatuena, eta Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Une honetan aurtengo sari-banaketa ekitaldiaren nondik norakoak aztertzen ari dira 111 Akademiako arduradunak.

Bigarrenez saridun
Karmele Jaiok ez du 2019ko lehenengo 111 Akademiaren Saria izango. Gogora dezagun 2006an ere idazle gasteiztarrak jaso zuela irakurleen sari hau Amaren eskuak eleberriagatik. Hala, 111 Akademiaren Saria (2012. urtera arte Beterriko Liburua izenez ezagutua) bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Karmele Jaio, bera delarik, oraingoz, taldetxo horretako emakume bakarra: Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano dira gasteiztarrarekin batera irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten idazleak.

Aitaren etxea
Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz. Akademiakide batek idatzi bezala, “literatura heldutasunera iritsita” aurkituko du irakurleak lan honetan.

Hurrengoa, XXV.a
Edizio bakarra baino ez zaio falta irakurleek hautatu eta ematen duten sari honi mende laurdena betetzeko. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:

1996 Joxean Agirreren Elgeta
1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak
1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion
2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean
2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua
2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua
2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea
2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua
2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten
2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak
2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea
2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana
2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori
2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak
2011 Harkaitz Canoren Twist
2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene
2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat
2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak
2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron
2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua
2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin
2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa
2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Imanol Urbieta

Sentitzen dut, ez dakit nortzuk bozkatu duten baina nobela oso eskasa da, etengabeko konparazio merkez eta efektismo errazez idatzia

Jon Unanue

Begirune apur bat eskatuko nizuke, Imanol, 111 Akademiaren bozketan parte hartu dugunekiko, oker ez banago 112 lagun inguruk eman baitugu botoa; ala gizalegea zer den ez al dizu inork irakatsi? Zer esan nahi duzu, bada, “ez dakit nortzuk bozkatu duten” horrekin? Eta begirune gehiago, noski, Karmele Jaioren lanarekiko, gogoko gertatu ez bazaizu gauzak modu askotara esan litezke-eta… Gehienbat arrazoituz, esapide eskas, merke eta errazik bota gabe, Jaioren eleberrian eskas, merke eta errazik ez baitago ezer ere…
Karmele Jaioren eleberria inondik ere bikaina da, emandako saria ongi merezi duena, eta akademiakideek euren gogokoena izendatu dute.

Imanol Urbieta

Joño, ez nekien jendeak hain azal fina zuenik. Barkatu nire iritzia emateagatik.