Iker Alvarez: “Niretzat, itzulpena da irakurketa modurik sakonena”

0

Egia eta itxurakeria. Azala eta mamia. Bizitza eta heriotza. Sentimenduak eta performancea. Maskara eta haren azpiko aurpegia. Bitasun horren baitan garatzen da Yukio Mishima idazle japoniarraren eleberri autobiografikoa: Maskara baten aitortza. Eleberriak oinarritzat du gazte baten loratze sexuala, eta bertan, gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen inguruko kezkak azaltzen dira, Mishimaren estilo sotilaz.

Igela argitaletxeak pasa den ekainean argitaratu zuen nobela, Iker Alvarez itzultzaileak (Iruñea, 1991) euskarara ekarrita. Alvarezek bideodei bidez egin behar izan zituen aurkezpenak, bost urte baitaramatza Japonian bizitzen. “Argi izan zuen hona etortzea zela nire bidea”.

Nola sortu zen Mishimaren lanik ezagunena euskarara ekartzeko proiektua? Argitaletxearen proposamena izan zen?
Ez, nire kabuz hasi nintzen itzultzen. Mishimaren Kinkakuji (‘Urrezko pabilioia’) eleberriaren itzulpen batek liluratu ninduen aspaldi, eta neure burua japonieraz irakurtzeko gai ikusi nuenean, haren lehenbiziko nobela luzea den hau –Maskara baten aitortza– irakurtzen hasi nintzen. Ia pentsatu gabe ekin nion itzultzeari. Ez dakit honetan aritzen garenon joera ote den, baina niretzat, behintzat, itzulpena irakurketa modurik sakonena da, eta eleberri honek duen zerbaitek mota horretako irakurketa egitea eskatzen zidan. Ez zait sobera gustatzen epemugekin lan egitea, beraz, lehenbiziko itzulpena amaitutakoan hasi nintzen argitaletxeekin hizketan.

Hortaz, aurretik ezagun zenuen Yukio Mishimaren lana.
Arestiko Kinkakujiz gain, saiakera laburrak besterik ez. Gehiago ezagutzen nuen Mishima pertsona(ia) bera; elkarrizketak, pelikulak, hari buruzko materiala…

Izan ere, Mishima bera pertsonaia interesgarria izan zen. Hari buruz ere ikasiko zenuen liburua itzultzeko prozesuan, ezta?
Bai, hori da. Berez interes handia nuen Mishimarengan itzulpen hura irakurri nuenetik, eta nahikoa ezaguna nuen pertsonaia historiko eta pentsalari gisa. Halere, beharrezkoa iruditu zitzaidan hari buruz gehiago ikastea, eta, batez ere, haren inguruabar historikoari buruz. Hein batean nobela autobiografikoa denez, garai hura ezagutzeko tren bidaia baten modukoa izan zen itzulpena, eta denbora luzea pasatu nuen orduko Japoniari buruz dokumentatzen: gerra aurreko kultura popularra, gerraren eragina, gerra osteko aldaketak…

Gibelsolasean, Angel Errok aipatzen du joera dagoela Mishimaren bizitza atzekoz aurrera kontatzeko, bere suizidiotik hasita. Horrek pisua izan zuen zuk idazleaz zenuen irudian?
Dudarik gabe. Interesgarria iruditu arren, finean, eskuin muturreko zoro baten irudia neukan, hala irudikatu baita gurean. Uste dut Mishima interpretatzeko edo azaltzeko zailtasunak hortik datozela, hein handi batean; antza zeharo ezberdina emango diogu aurrekoz atzera begiratuz gero, kronologikoki eta ideologikoki. Pentsatzen jarrita, ia profetikoa ematen du Maskara baten aitortzan esaten duen horrek: “Besteen ustez itxurak egiten ari nintzenean, egiaz nire izaera bere horretan adierazten saiatzen ari nintzen, eta, kontrara, besteen irudiko jarrera naturala nuena antzezpen bat zen niretzat”.

“Olatu baten ondorenak maskor hilotzak balira bezala erakusketan zituen iren oinak”. Mishimaren estiloa lirikoa eta sotila da, eta liburuko pasarte batzuek indar poetiko handia dute. Arreta handia eskatu dizute halakoek, lana itzultzeko garaian?
Bai. Egia da pasarte poetikoetan, aipatzen duzun horretan edo liburuko “prosazko poema” delakoan, adibidez, hizkera liriko oparoa darabilela, baina ia ahots bakarreko narrazio batean gakoa da, nire ustez, narratzaileak uneoro ematen duen bigarren mailako informazioari eustea. Protagonistak tonu hotzaz ekitzen dio narrazioari, eta uneoro saiatzen da horri heltzen, baina igarri daiteke kadentzian, esamoldeetan, aditz denbora eta abarretan nolako sentimenduak eragiten dizkion kontakizunak. Elkarrizketa, japonieraz ohikoa den bezala, ahozko hizkuntzatik hurbilago daude gure literaturan baino, eta kutsu hori gordetzen saiatu naiz, karakterizazioak oso finak baitira. Adibidez, protagonistak aipatzen du “beste mutilek bezala” hitz egiten saiatzen zela, nahiz eta umetan neskek bezala hitz egiten zuen, eta antzezpen kutsua du batzuetan.

Erotismoaz eta loratze sexualaz harago, heriotzarekiko erakarmen edo pultsio bat ere antzeman daiteke eleberrian. Zure ustez, horiek dira nobelaren oinarri nagusiak?
Esango nuke gai horiek guztiak Mishimak liburuan planteatzen duen kontrakoen arteko maitasunaren ideiarekin lotuta daudela, nolabait. Bere burua faltsutzat eta ahultzat du, eta desiragarria iruditzen zaion, ordea, indarra eta benetakotasuna da. Benetakotasun hori beren bizitzak sakrifikatzeraino helburu edo sinesmen bati eusten dioten gizonengan aurkitzen du beste inorengan baino gehiago. Tituluan bertan aitorpen bat dago: maskararen ideia iradokitzen du sinesten duela maskara ez den zati bat duela barruan, bere benetako “ni” bat-edo, eta benetakotasun horren bilaketa da liburuaren muina, nire ustez. Azalpenetan, lotura inplizitu bat dago benetakotasuna eta heriotzaren artean, azken ondorioetaraino zerbaiti eusteak inguruarekiko talka, biolentzia, bazterketa eta zigorra dakartzalako. Printzipio hartatik abiaturik, protagonistaren gogoan heriotza bera benetakotasunaren froga bihurtzen da, nire ustez.

Liburu honi buruz hitz egitean, sarritan aipatzen da XX. mendeko Japoniako gizartearen izaera kontserbadorea eta itxia. Hala al da benetan?
Mishimarekin bezala, desegokia iruditzen zait Japonia juzkatzea geuretzako darabiltzagun parametroekin. Ez bidegabea delako, baizik eta antzua delako, nire ustetan. Demagun Europan zerbaitekiko jarrera zehatz bat kontserbadoretzat dugula, baina Japonian zerbait hori ez dela iritzi bat ere izateko moduko gaia. Zilegi litzateke Japoniar gizartea “kontserbadore” gisa sailkatzea? Pentsa 1949ko liburu hau fenomeno bat izan zela, eta hasierako kritikek ez zuten homosexualitatea aipatu ere egiten. Gauza ezberdinei begira gaude, eta gauza ezberdinekiko erreakzionatzen dugu. Gizarte hertsi eta aldakaitz gisa deskribatu ohi da Japonia, baina errotik aldatu zen XIX. mendearen bukaeran eta Bigarren Mundu Gerraren ostean, sistema ekonomiko-politikoaz asko harago: familiaren osaera, erlijioa, gizarte balioak… Badakit topikoa dela, baina esango nuke nahikoa ezberdintasun badaudela parametro berdinen arabera juzkatu aurretik zalantzak izateko.

Japonian bizi zara zu zeu. Noizitik? Zerk erakarri zintuen hango gizartetik?
2018tik Tokion bizi naiz, bai. Mishimatar maitasunaren kontra, antzekotasunak erakarrita etorri nintzen, nolabait. Aspalditik afinitate handia senitzen nuen japoniar edukiekiko, eduki horietan igartzen ziren balioekiko, jendearekiko… Luzaroan zaletasun hutsa izan zen, baina herria zuzenean ezagutu ostean, sentsazioa nuen gozoagoak zitzaizkidala eguneroko gorabehera txikiak hemen. Ez nuen inoiz poliki pentsatu zer suposatzen zuen hona etortzeak; besterik gabe, argi nuen hona etortzea zela nire bidea.

Manga ere itzultzen duzu Harriet argitaletxearentzat. Erronka polita izanen da hori ere itzultzaile batentzat, ezta?
Izugarri polita. Nire kabuz literaturan aritu naiz batez ere, baina etxean badauzkat manga dozena batzuk, eta lanean ingelesera eta gaztelaniara ere itzuli izan dut. Japoniera eta japoniar kultura ikasten eman dudan denbora euskal irakurleen mesedetan erabili ahal izatea poz handia da niretzat. Mangari buruz esango nuke, hasteko, oso formatu zabal dela. Europan zati ñimiño bat jasotzen dugu, baina Japonian mundu zabal bat da, non edonorentzako istorioak aurki daitezkeen. Medio gisa, esango nuke komikiak, oro har, arte grafikoak eta literatura konbinatzen baditu, horren barruan, mangan lausoagoa dela hitzen eta irudien arteko bereizketa. Onomatopeiak irudiaren zati bat dira askotan, eta esaldiak mendebaldean baino soilagoak, oro har; nahiago dute, ahal den heinean, adierazpen bisuala lehentsi. Itzultzean, ohartzen zara esaldiek lan handia dutela atzean, soiltasun hura lortzeko. Behin baino gehiagotan, bizpahiru hitzeko esaldien aurrean mutu geratu naiz, zer idatzi ez jakin.

Duela gutxira arte, bete gabeko hutsunea zen manga euskaraz irakurri ahal izatea. Bide luzea duzue aurretik.
Biderik ote dagoen ere ez dakit! Eskaria zegoela gauza argia da, baina momentuz, uste dut geure bidea egin behar dugula, zaleengandik zaleentzat, eta pixkanaka, baina etenik gabe, eskaintza eta aukerak zabaldu. Liburu-dendetan dagoen aldea baino handiagoa da, beharbada, japoniar argitaletxeekin negoziatzeko orduan beste hizkuntzekiko dugun ahalmen aldea. Alde horretatik, Harriet egiten ari den lana oso handia da. “Euskarazko lehenbiziko” edozein gauza egitea garrantzitsua da, baina hasiera-hasieratik euskarazko manga iraunkorra den espazio bat izan dadin ari da lanean.

Japonierazko zer lan gustatuko litzaizuke euskaraz irakurtzea?
Izugarri poztuko nintzateke Ibon Uribarrik beste nobelaren bat itzuliko balu. Kawabata Yasunariren Loti ederraken itzulpen ederrari esker –eta hura utzi zidan lagunari esker– piztu zitzaidan, hein handi batean, literatura itzultzeko gogoa.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments