Mari Eli Ituarte: “Nik dakidanaren arabera, moden eta laguntza instituzionalen mende dago Haur eta Gazte Literatura ere eta morrontza ikaragarria dakar horrek”

0

Euskarazko haur literatura osasun onean ikusten du argitalpen kopuruari soilik begiratuz gero, baina kontuak erpin gehiago dituelakoan dago, eta kezka sorrarazten dio horrek. Pasioz bizi du itzulpengintza, eta pasio horretatik kontatu dizkigu ardura horiek.

Kamilo krokodiloa bezalako liburu bat itzuli duela esan eta seguru asko bixkorren batek pentsatuko luke lau esaldi baino ez direla eta egitekoak ezin duela hain zaila izan. Baietz erantzungo lioke Mari Eli Ituartek (Markina-Xemein, 1965), lauzpabost esaldi baino ez direla ematen duela, baina horrexegatik dela, hain zuzen, zailagoa itzulpenarekin asmatzea. “Gehienetan horrelako testuak txikienentzat izaten dira eta hor tentu handiz jokatu behar da: hitzak aukeratu, esaldien egitura zaindu, onomatopeiak mimoz hautatu, ulergarria eta gustagarria izan behar du testu ‘txiki’ horrek oso zorrotzak diren haurren gustukoa izateko eta haien onespena lortzeko”.

Bistan da, zeregin horretan zerikusi handia izango du ulergarritasunaren edota albumak transmititu nahi duen mezuaren izenean itzultzaileak testua beste modu batera emateko duen malgutasunak. “Kasu batzuetan egilearekin, idazlearekin harremanetan egoteko aukera egon daiteke eta hori da egoera ideala, zalantzaren bat argitu edo kontsultaren bat egiteko aukera bikaina. Baina gehienetan ez da horrela izaten eta itzultzaileak ‘Tradutore traditore’ horretan ez erortzeko soka fin baten gainean mugitu beharra izaten du”. Ituartek dio oreka bilatu behar dela beti idazleak esan duenaren eta itzulpenean hori esateko dauden moduen artean, eta horietako egokiena hautatu. “Batez ere erregistroa zaindu behar dela uste dut. Ezin zaio haur bati unibertsitateko ikasliburu batean erabiliko litzatekeen molde berean hitz egin. Niri, esaterako, sarri gertatu zait itzuli beharreko gaztelaniazko testua berba ponpoxo eta handigurakoz beterik egotea eta horren euskarazko ordainak bilatzerakoan erregistroa asko egokitu behar izana. Funtsean mezua mantendu egin behar du itzultzaileak eta forman ‘lizentzia’ txikiak har ditzakeela uste dut”.

Erraza, ez txatxua
Kamilo Krokodiloa bezalako album bat itzuli behar duenean, lehenbizi pare bat aldiz gutxienez irakurtzen du testua, bere egiten hasteko, eta behin ondo ezagututa, pertsonaien izenei erreparatzen die bereziki. “Lelokeria dirudi, baina izenak itzuli ala jatorrizkoan uztea erabaki behar da. Zenbaitetan idazleek eurek markatzen dute bidea honetan (bildumen kasuan, gehienbat), baina itzultzaileak hautatu egin behar du. Kasu honetan, esaterako, ‘Camilo’ edo ‘Kamilo’. Grafia euskaratuta ala jatorrizkoa utzita? Gure literatura-tradizioan erabili izan da izen hori euskal grafiaz idatzita, beraz, hori hobetsi nuen. Horiek ondo zehaztuta ditudanean, testuarekin hasten naiz. Pasartetxo bakoitza amaitutakoan berriz irakurtzen dut ozenki, ea zer doinu duen antzemateko. Testuak belarritik ere sartu egin behar dira, erraz, irristatuko balira legez. Ezin dugu ahaztu txikientzako album hauek norbaitek irakurrita, kontatuta, dramatizatuta… entzun egiten dituztela haurrek eta testuak horretarako aproposa izan behar du. Ez dute balio amaigabeko esaldi luze katramilatsuek”.

Alabaina, itzultzaileak argi utzi nahi izan du umeentzat izateak ez duela esan nahi txatxukeriak idatziko direnik eta errazkeria hutsera jo behar denik. “Inolaz ere ez! Haien ezagutza apurka-apurka eraikitzen ari den unea da umezaroa eta euskara jatorra erabili behar dela uste dut. Horretarako, aukera dagoenean (“Euria dakarrela”…) kaleko eguneroko euskaran galtzen ari diren adierak erabili zalea naiz”.

Itzulpena amaitutakoan, denboralditxo batean gordeta izaten du eta ostean berriz irakurtzen du, gordetzen duen soinu hori gustuko duen ala ez jakiteko, eta egin behar badira, zuzenketak egiteko. “Alferrikakoa iruditzen zait ehun aldiz jarraian irakurtzea itzulitako une berean; orduan ez duzu ezer arrarorik antzemango, ‘zurea’ baita. Jalkitzeko denbora eman behar zaio testuari”.

Lehenengo argitaratu du Mezulari argitaletxeak Ana Zuritaren lan bat. Kolaborazio berezia izan dela azpimarratu du Mari Elik, testuak eta ilustrazioak, biak ala biak, bereak baitira eta, antza, hori ez da ohikoena izaten. “Gehienetan testua idazten du norbaitek eta, elkarlanean edo enkarguz, ilustrazioak egiten dizkio beste norbaitek, hizkuntza grafiko eder hori gehituz testuari”.

Orain urte batzuk bildumen ardura zuen Mari Eli Ituartek Mezulari argitaletxean, eta garai hartan harreman zuzenagoa izaten zuen idazleekin. “Aspaldiko urteetan ez da hala, eta argitaletxeko talde batek aukeratzen ditu itzulgai izan daitezkeen liburuak. Gero, albumen kasuan, neuk itzultzen ditut gehienak, eta martxan dauden bildumen itzulpenak Aitor Aranaren esku geratzen dira”. Idazleekin zerbait komentatu, galdetu, iradoki nahi duenean badu aukera argitaletxearekin bidez. “Ana Zuritaren kasuan, esaterako, ez dut inolako zailtasunik izan eta txikikeria bat komentatzekotan, Kamilo Krokodiloa liburuan ilustrazioak eta testua bereak direnez, aukeratutako letra-tipoari buruzko iruzkina egin nion”.

Mari Eli Ituartek 47 liburu itzuli dituela dio EIZIEren webguneak; Ana Zuritaren honekin, 48. “Beno, egia esan, askoz gehiago dira, baina nik ere ez dut guztiak zerrendatzeko lana hartu eta bidali, eta beharbada konfinamendu egun hauek baliatuko ditut zerrenda gaurkotzeko! Kar, kar, kar!”. Oran 30 urte pasatxo hasi zen langintza honetan. “Mezulari eta Elkar argitaletxeetan eman nituen lehen pausoak. Kipling handiaren Erregearen postaria liburuaren bertsio baten itzulpena izan zen argitara emandako lehenbizikoa. Hasierako urte horietakoa da, baita ere, Enrique Pérez Díaz kubatarraren Mezua lana. Ondo gogoan ditut biak ala biak ere. Lehenbizikoa, erronka izugarria handia (eta atrebentzia ez txikiagoa!) izan zelako eta bigarrena, idazlearekin harreman handia izan nuelako gerora ere, haren beste zenbait liburu itzultzeraino”.

Azken 15 urteotan Iralen eskolak ematen ari da Mari Eli Ituarte. “Hasi berritan lan gehiago itzultzen nituen, baina azken urteetan ezinezkoa zait tarte handia eskaintzea lanak eta familiak erabat harrapatuta naukatelako. Tartetxoak ateratzen ditut eta beti ari naiz zer edo zertan literatura munduan, proiektu berezietan (Peru Abarka helduentzako album-lehiaketa, esaterako, gure herrian, Markina-Xemeinen, egiten da eta antolakuntzan parte hartzen dut). Iraleko nire eskola-saioak ere gehienbat literatura eta irakurketa-idazketarekin lotura zuzena dutenak izaten dira. Hori da nire mundutxoa eta sarri oreka bilatzea zaila den arren, saiatzen naiz!”.

Oraindik ere ezkutuan
Makina bat aldiz gertatzen den gauza da argitaletxeen katalogoetara sartu eta, batez ere haur literaturaren kasuan, liburua itzulia izan denean itzultzailearen izenik ez agertzea. “Nik uste EIZIE bezalako elkarteei esker itzultzaileon figurak irabazi egin duela azken urteotan, baina oraindik bide luzea dago egiteke, dudarik gabe! Itzultzailea beti geratu da atzean, ezkutuan, haren lanak baliorik ez balu legez, eta hori ez da horrela inondik inora! Itzultzaile batek testua bere egiteaz gain, “sortu” ere egiten du xede hizkuntza horretara pasatu behar duenean, sarritan aberastu egiten duela esango nuke nik: esamoldeak, egokitasuna… dena moldatu behar izaten da. Liburuen azaletan ere nekez ikusiko duzu itzultzailearen izenik, eta kreditu-orrietan sartzea ere kosta zaio zenbaiti!”.

Haur eta Gazte literaturari buruz ari bagara, kontua are penagarriagoa dela gaineratu du itzultzaileak: “Helduen literatura da hemen baliotsua, aintzat hartzen dena, eta jatorriko hizkuntzako egileei hori pasatzen bazaie, alegia, HGL idazten dutenen lan bigarren mailan geratzea, pentsa zer ez zaigun gertatuko horrelako lanak itzultzen ditugunoi. Katalogoetan eta irakurketa-gidetan argi agertu beharko litzateke itzultzailearen izena, nik uste badela garaia hori erreibindikatu eta ozen eskatzeko”.

Euskarazko haur literatura osasun onean ikusten du Mari Eli Ituartek argitalpen kopuruari soilik begiratzen badiogu. “Kontuak erpin gehiago dituelakoan nago, eta egia osoa aitortuta, eta nik dakidanaren arabera, moden eta laguntza instituzionalen mende dago Haur eta Gazte Literatura ere eta morrontza ikaragarria dakar horrek. Album ilustratuak oso modan daude, esaterako. Ia argitaletxe guztiek jorratu dute bide hori azken urteotan, baina beldur naiz hori ere modaz pasatuko ote den… Eta bestelako lanei buruz, lehenago ere aipatu dudan moden mende gaude: bilduma osoak antolatzen dira han eta hemen telebista bidez ospetsu egin diren produktuak ekoizteko eta itzultzeko, eta ‘saltzen’ den eredu hori ez da nire gustukoena…”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments