Eta bat-batean, aberria

0

SORKUNTZA ARTISTIKOTIK POLITIKARI HELTZEKO UNEA IRITSI ZAIO LANDER GARRORI. GAZTETAN ESPETXERATU ZUTEN GARAIARI BURUZKO ELEBERRI BAT IDAZTEN ARI DA ETA, ALDI BEREAN, BURU-BELARRI DABIL BRE BIGARREN DOKUMENTALA PRESTATZEN. INTSUMISIOA ALBO BATERA UTZI ETA ORAINGOAN PRESO GAIXOEN SUFRIMENDUAREN GAIA JORRATZEN ARI DA.

Idazlea, zuzendaria, argazkilaria, kazetaria… Eta, hori gutxi balitz, Lander Garrok (Errenteria, 1975) anaia bikia du. Zigor du izena eta biak alaitsu agertu dira Alamedako kioskoan: herri anitz eta aberats honen taupadak neurtzen dituen epizentro moduko bat.
-Filmaketak ditudanean kamera laguntzaile bezala etortzen da askotan. Artikutzan egon gara. Basoan, -azaltzen du Landerrek.
-Zertan ari zara, ba?
-Dokumental bat grabatzen ari naiz.
-Beste dokumental bat?
-Beste bat.

Kioskoaren beheko aldeko horman bisitariari ongietorria ematen zaio hizkuntza ezberdinetan. Albo batean tabernak pilatzen dira, baina pandemia dela-eta denak itxita daude. Beste aldean, errepidea gurutzatu ondoren, Errenteriako paper fabrikaren tximinietatik kea ateratzen da. Bertako langileak lanean ari dira, produkzioa eten ezin den seinale.
-Zertxobait aurreratu dezakezu?
-‘Tipularen Sehaska kanta’ da izenburua eta preso gaixoie buruzkoa da. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian edo Zinemaldian bertan estreinatzea gustatuko litzaidake. Bietako batean.
-Zeintzuk dira zure sentsazioak?
-Onak, onak. Intsumisioaren dokumentalarekin izandakoak baino hobeak.

Intsumisioaren dokumentalaren benetako izenburua ‘2 urte, 4 hilabete eta 3 egun’ da. Telebistan hainbat saio zuzendu ondoren bere lehen lana da alor horretan, eta modu prekarioan egin duela aitortzen du. “Diru-laguntzak toki askotan eskatu genituen eta ez zizkigutenez ematen nik nuen sentsazioa zen ez nintzela asmatzen ari. Ediziora sartu nintzenean duda handiak nituen. Laguntza ekonomikoak lortzen ez dituzunean badago kritika artistiko bat. Derrigor”. Pasa den maiatzean estreinatu zen dokumentala Donostian, eta ahoz aho zabaltzen joan da Euskal Herri osoan barrena. Azkenean ibilbide polita burutzeko aukera izan du filmak, baita Errenterian ere. Garrotarren herrian. Niessen aretoa leporaino bete zen Ozzinema ekimen zinefiloaren baitan, eta jende mordo batek kanpoan geratu behar izan zuen.

Txuss Alfonso bertan izan zen. Harekin elkartu gara Lau Haizetara elkarte euskaltzalearen aurrean. Txuss eragile sozial nekaezina da eta besapean bere autobiografiaren ale bat darama, ‘Una mirada personal a contracorriente’. “Barre asko egin nuen dokuarekin. Zorionak!”, oihukatu dio Landerri. Anaia ikusi duenean begiak handitu zaizkio. Ez zuen hura ikustea espero. Libre, behingoz. “Pila bat pozten nau zu berriz herrian ikusteak, Zigor. Benetan!”. Urtebete pasa da Mont de Marsan kartzelatik (Okzitania) baldintzapean aske geratu zenetik. 1998an egin zuen ihes eta 13 urtez preso egon da. Zigor Garro ETAkoa zen. Liburua bikiei oparitu die Alfonsok eta ziztu bizian yoga egitera doa. “Jendearen erreakzioa ikusi ondoren nire emozioen norabidea aldatzen joan naiz. Historiak kontatzea zer den badakit. Ez dut inoiz zinema esperimentalarik egin edo proposamen martzianorik eskaini. Azken finean zuzentzea oso gauza teknikoa da”, dio Landerrek.

Zein zen dokumentalaren helburu nagusia? Antimilitarismoaren mugimendua belaunaldi berriei ezagutzera ematea?
Artefaktu kultural baten aurrean nagoenean jendeari denbora eder bat pasatzeko aukera eman nahi diot. Hori da nire asmoa. Epe jakin batean magia sortu nahi nuke, ikuslea edo irakurlea ondo sentitu dadin. Kasu honetan nire obsesioa zen pelikulak pelikula gisa funtzionatu behar zuela. Gero, intsumisioaren historia dago non motibo asko dauden. Alde batetik, intsumisioaren mugimendua omendu nahi nuen; ondoren gogoeta bat egin nahi nuen gaur egungo testuinguruarekin konparatuz, hau da, nola artikulatu daitezkeen mugimendu sozialak gauza batzuk lortzeko. Mundu justuago baten alde borrokatzeko nola sortzen da sinergia? Zentzu horretan intsumisioaren mugimenduak asko dauka erakusteko.

Lagunen arteko konplizitateak garrantzi handia dauka dokumentalean.
Hori da hirugarren historia. Kartzelan elkartzen diren sei lagun dira eta haien artean sortzen den harremanak 30 urte irauten du. Elkarrenganako errespetua, konplizitate eta miresmena dute. Eta batez ere badute izugarri markatu dituen iragan bat, bizitzaren epe ez hain motza ideia baten alde sakrifikatzea erabaki baitute. Denon erabakia da kartzelara joatea. Kontsekuente izan nahi zuten eta botereak ahalik eta gehien estutzen saiatu ziren beraien sakrifizioaren bidez. Horrek lotura handia sortzen du.

Zure garaian soldaduska egitea derrigorrezkoa zen?
Pixka bat lehenagokoa naiz. Ni intsumisioaren aldekoa naiz. Oso partidarioa. Epaitu eta kondenatu egin ninduten: 2 urte, 4 hilabete eta egun bateko zigorra ezarri zidaten. Kontua da ez zenuela zigor hori bete behar baldin eta ez bazenuen beste deliturik egiten. Baina oso trantze desatsegina da. Oso gauza serioa.

Kartzelan bi urte pasa zenituen. Autobus bat erretzea leporatu zizutela uste dut. Bai.

Eta autobus hura erre zenuen?
Ez. Nobela bat idazten ari naiz horri buruz. Autobiografikoa da. 1997an polizia gure etxera sartu zen eta komisaldegira eraman gintuzten anaia eta biok. Bagenekien alde politikoarekin harremana zuela. Etxera sartu zirenean esan ziguten Lege Antiterroristaren menpe geundela eta hortik aurrera inkomunikatuta egongo ginela. Bagenekien nondik nora zihoan, baina ez genekien zergatik atxilotu gintuzten. Bigarren egunean argitu ziguten.

Zer gertatu zen hasierako egun haietan?
Mehatxuak egiten zizkiguten, ez ziguten lo egiten utzi… Tortura psikologikoa. Mecanoren ‘Aidalai’ diskoa jartzen ziguten behin eta berriz esnatuta egoteko. Nanananana (kanta-marmarrean ari da).

Jipoitu zintuzteten?
Ez.

Zeintzuk ziren haien frogak zuek espetxeratzeko?
Ez zuten frogarik. Esaten zuten bizilagun batek bi lagun txiki ikusi zituela autobusa erretzen. Izugarria. Gainera autobusa gure etxe ondoan erre zuten, Pontika auzoan. Nik palan jokatzen nuen frontoitik bost metrora zegoen. Oso ezker abertzalekoa naiz baina ez dut inoiz kale borrokarik egin. Kuriosoa da. 16 urterekin hasi nintzen argazkigintzan eta alor artistikoan egon naiz beti, kultureta xamarra izan naiz. Aberrigintza urrun ikusten nuen. Eta bat-batean, pa!, erdian jartzen da.

Zure aita ETAkoa zen. Zenbateraino markatu du horrek zure bizitza?
Polizia zure etxean ikustea da markatzen zaituena. Poliziarekiko harremana asko aldatzen da. Automatikoki mehatxu bat bihurtzen da.

Oso ezker abertzalekoa zarela diozu. Zer falta zaio EH Bilduri Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskundeak irabazteko?
(Isiltasuna) Nik galdetuko nuke zer falta zaion euskal gizarteari EH Bilduk hauteskundeak irabazteko. Euskal Herrian lobby enpresarialek agintzen dute. Politikak ez daude jendearen mesedetan pensatuak. Har ditzagun errausketa planta edo Abiadura Handiko Trenaren azpiegiturak. Adituek, ikertzaileek, unibertsitateko irakasleek, dakitenek, argi eta garbi esaten dute ez direla behar. Diru publikotik eramaten dute diru publiko horrek behar duen aberastasuna, eta hala ere egiten dira. Gobernuan dagoen jendea gorra al dago? Jendearentzat baino beste batzuentzat egiten dute politika.

Zure sormen laborategia Hendaian dago. Zer dauka Iparraldeak Hegoaldean falta zaiguna?
Alde batetik lanean zentratzeko aukera eman dit. Orereta edo Hegoaldeko edozein herri oso herri sozialak dira. Bizitza kalean egiten da. Etengabe tentazioak dituzu. Ni hemen biziko banintz diziplina bat edukitzea oso zaila egingo litzaidake. Isiltasuna ere eskaintzen du Hendaiak. Mendira eta hondartzara joateko aukera daukat eta ia egunero joaten naiz. Nire burua entzun eta pentsamenduak ordenatu eta erabakiak hartzeko balio dit. Isiltasuna asko apreziatzen dudan gauza da. Oso zaratatsua eta dispertsoa naiz.

Zergatik dago hain literatura gutxi Euskal Herrian?
Idazketa ez da prestigio berezia daukan egiteko bat. Ez da bereziki saritzen, omentzen, laudoriatzen… Oso sakrifikatua da, bakardade ordu asko eskatzen ditu, eta errekonozimendua, aldiz, oso urria da. Gainera, idazten duenak badaki kritikak etor dakizkiokeela, esposizioa handia izaten da. Peajea handia da eta, ondorioz, jendeak gutxi idazten du.

Nola eman dakioke buelta dinamika honi?
Diruarekin. Sariak falta dira, onespena, prestigioa…. Ordaina. Gizarteko alor guztiek berdin funtzionatzen dute. Zergatik Euskal Herriko garai batean kriston igeltsero pila zeuden? Boom inmobiliarioa izan zenean oso ondo zetorkielako. Elkarrizketara nentorrela bi igeltsero ikusi ditut. Portugesak ziren. Baina ni gaztea nintzenean askoz ere interesgarriagoa zen igeltsero izatea idazlea edo kazetaria baino. Futbolarekin antzeko fenomenoa pasatzen ari da orain. Haurren %50ak futbolean jolasten du eta idazten dutenak ez dira %0,5 baino gehiago izango. Horren ondorioz euskal futbolari oso onak daude eta euskal idazleak, ez.

Euskal literatura gramatika eta ortografiaren mende dago?
Euskal literaturan neurosiak sortzen dira gabezien ondorioz. Euskaldunon neurosia da gaizki ari garela, gaizki egiten dugula. Gaizki edo oker idazten badugu gure inguruko literatura baino okerragoak izango gara. Gertatzen zaigun guztia merezi dugu ez garelako behar adina zuzenak. Euskararen zuzentasunarekiko obsesioa dago. Gure burua ezin dugula traizionatu dirudi. Berdina pasatzen da telebistan. Goenkale edo edozein telesailen testu azterketa egiten baduzu konturatzen zara inork ez duela hitz egiten kalean hitz egiten den bezala. Eta gure inguruko herrialdeetan egiten diren telesailetan ez da hori gertatzen.

Zein euskal telesail edo film salbatuko zenuke?
‘Loreak’ pelikulan euskararen tratamendua oso naturala dela uste dut.

Behin esan zenuen Ekaitz Goienetxearen ‘Zaldi Mamarroa’ eleberriak euskararen ateak ireki zituela.
Literatur sistemak oso autoerreferentzialak dira. Elkarri begira bizi gara, elkarren onespenaren bila ari gara etengabe. Orduan, iristen da tipo bat euskal literaturarekin harremanik ez duena, euskal literaturarekiko morroitza emozionalik ez duena, librea dena, eta hizkuntzaren ikuspegitik espresibidade baten bila doana zuzentasunaren homologazioaren bila baino. Ausardia dauka. Eta besteontzat ere interesgarria izan daiteke. Orain arte gainontzeko idazleek eta gure mundillokoek zer esango duten begira egon gara, horren mende.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments