Esan gabe doa

2

Izenburua: Esan gabe doa
Idazlea: Asel Luzarraga
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2022

Hamar urte dira Sakau herrialdea desagertu eta Askayala sortu zela, herri askeen federazioa. Tentsioa, ordea, ez da aienatu, bizi-bizi baitago nazioarteko aliantza baten inbasioaren mehatxua. Ohi denez, balizko gerraren lehen frontea informazioa da, eta asko dago jokoan. Egoera horretan, Lorek eta Fabik euren egunerokotasun berriari aurre egin behar diote, kontraesanen, gaizki esanen eta erdi esanen artean. Bitartean, Costa Alegre auzoko herrialdean, batzuentzat itxaropen dena mehatxu da beste batzuentzat; Jacok eta Jacintok badakite hainbeste. Horiek dira lau pertsonaia nagusiak, eta bosgarrena, berriz, gizartea bera, bere egitura, eredu eta arkitektura berrituekin.

Esan gabe doa Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako pieza bat da, gure eskutara iristen den lehenengoa. Utopia bat, esan beharko. Bizigarria eta bidezkoa izan daitekeen zentzu komun baterako gonbita, Latinoamerikako tradizioak hain berezkoa duen errealismo magikoak zipriztinduta.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso interesgarria da Asel Luzarragaren liburu hau. Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako lehenengo liburua dela azaltzen zaigu eta esan behar ondo hasi dela trilogia hori.
Lau zatitan dago banatuta liburua, lau pertsonaiari buruzkoak (Lore, Jaco, Fabi eta Jacinto), eta lauak oso interesgarriak dira. Hala ere, onartu behar dut asko kostatu zaidala Loreren zatiari haria harrapatzea. Eta, horrexegatik, behar baino denbora gehiago eman dut zati hori irakurtzen. Baina behin haria hartuta, arrapaladan irakurri dut zati hori, baita liburu osoa ere.
Oso euskara ederra erabili du Aselek, bizkaierazko hitz askorekin, baina batzuetan irakurketa astuntzen da, oso esaldi luzeak erabiltzen dituelako.
Baina, hori gutxienekoa da asko gozatu dudalako liburu honekin. Ea trilogia osoa ildo beretik ibiltzen den.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.

Gasteiz 9.5

Gustatu zait, baina ez nau harritu Asel Luzarragaren azken liburuak. Idazle bilbotarrak oso paragrafo luzeetan idazten jarraitzen du, bizpahiru orrialdetan ez dago punturik, eta oso modu trinkoan idazten du. Utopiaz hitz egiten jarraitzen du, eta oso garrantzitsua da pentsamendu anarkista: horregatik aipatzen ditu Proudhon, Bakunin (“Demagun, Bakuninek berak esaten zuen, ezta”, 124.orrialdea). Ekintza Latinoamerikako hiri batean gertatzen da, Askayalan, hain zuzen ere. Izan ere, “Esan Gabe doa” trilogia baten lehen alea da.

Eleberria irakurleari zuzenduz hasten da, hurbileko plurala erabiliz. “Irakurleok dakizuenez, maiz gertatzen zait espero ez ditudan jazoeren lekuko izatea”, 9.orrialdean.

Aurreko eleberrietan bezala, Luzarragak kezka handia erakusten du herri indigenekiko eta beren hizkuntzarekiko. Horrela, 20. orrialdean honako hau irakur dezakegu: “Askayala izena, asmatutako izen kreolea, mestizoa, Abya Yala eredu hartuta. Kontinentea izendatzeko hitz indígena”.

Gehien gustatzen zaidana da erlijiotik eta ateismotik hasi eta generoak hain gaurkotasun handia duen gairaino jorratzen dituen gaien kopurua da. “Berak esan zuen ez garela emakume jaiotzen, generoa eraiki egiten dela”, 136. orrialdean.

Estiloari dagokionez, nahiko idazkera originala erabiltzen duela iruditzen zait, batzuetan apur bat surrealista eta are absurdoa, baina beti txundigarria.

Utopian sinesten duten eta mundu hobe bat posible dela uste duten pertsonei gomendatuko nieke eleberri hau, baldin eta horren alde borrokatzeko prest badaude.