Beste eguzkia

3

Izenburua: Beste eguzkia
Idazlea: Itziar Madina
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2007

Asunenbordako Domingo artzain bakartiak, etxaldea utzi eta gazte denborako amodioarekin, Josefinarekin, bat egiteko asmoa dauka bere bizitzaren gainbeheran. Baina egitasmo horren bidean, bere jaioterria, Alkabehere, okupatu duen gazte taldea agertuko da.
Zer izan dezakete komunean artzain zahar batek eta okupa lotsagabe batzuk? Guztiz kontrajarriak diruditen jarrerek bat egin al dezakete? Nola?.
Balizko batasun hori egia bihurtuko da, bikote zaharrak eta okupa gazteek Urruti-Etxarte-Uhalde eraikuntza enpresaren eraso higiezinari aurre egin behar diotenean. Baina zaila da gazte zein zaharrentzat bide egiten ari duen gizarte modernoari aurre egitea. Denbora amaitzen ari zaie guztiei. Beharbada, pertsonek zein bizimoduek, aurki egongo dira denak beste eguzkiaren argitan.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Oñati 45.2

Liburu honetan landutako gaia oso interesgarria iruditu zait. Helburu bat defendatzeko bi belaunaldi desberdinen arteko elkarketa oso egoera polita iruditu zait, gutxitan ikusten dena gainera. Zailtasunen artean liburu honetan erabiltzen dituen euskalki desberdinen nahasketak aipatuko nituzke. Batzuetan haria galdu dut baina orokorrean oso ondo jarraitu dut istorioa. Liburu hau lagun bati irakurtzea gomendatuko nioke duda gabe.

Azkoitia 76.1

Liburu hau irakurtzerakoan neure gabezi nabarmen batetaz konturatu naiz: Iparraldeko idazle baten euskara ezin ulertuta ibiltzen naiz. Horrek liburua bere osotasunean gozatzeko aukera kendu dit, penagarria alde horretatik. Hala ere liburuaren ildoari jarraitzeko lain izan naiz, eta abiapuntu interesgarria den arren (hustutako herri baten okupak daudela) iruditzen zait bilakaera ez dela sinesgarria. Dena den, liburua irakurtzeko modukoa dela uste dut, gehienbat Iparraldeko idazle baten idazteko modua ikusteko.

Azkoitia 76.4

Aldaketa antropologiko baten atarian gaude, usadio eta bizimodu zaharrak galtzen eta ahazten dira teknologiek sortutako ohitura berrien ondorioz. Horixe da Beste Eguzkiari darion oharra. Itziar Madinak bizimodu zaharrak eta berriak kokatu ditu gatazka batean, elkarren kontra. Enpresa batek egundoko egitasmoa gauzatzeko, porlanez beteko du herri txiki utzi bat, eta pertsonaia nagusiak hori zapuzten saiatuko dira. Liburuaren gaia gustatu ala ez, beste eguzki bat aurkitu dut bere orrietan. Itziar Madinaren euskara. Biziki gozatu dut irakurtzen. Erregistro asko, narratiba aberatsa, euskara fina. Gutxitan ikusten da halakorik, kontuan hartuta, gainera, egilearen lehenengo eleberria dela. Beste Eguzkia, bera, gomendatzen dut zintzo, Itziar Madina kontuan hartzeko idazlea dugulako.